June Fernandez.

Orbainez harro

2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hondartzan biluzi zirenean, 10 urteko mutila txundituta geratu zen bere lagunaren amaren sabelarekin: «Hara! Zein tripa moloia! Itsas izar bat dirudi!».

Emakumeak aztoratuta begiratu zituen bere zilbor inguruko ildo argiak. Konplexu handia zeukan bi haurdunaldien ondorioz bere sabelak zuen itxurarekin. Nire neba txikiaren pasadizo hori maite dut, frogatzen baitu estetika arauak zeharo arbitrarioak direla eta edertasuna deskubritu dezakegula bizitzako mugarriek gure azalean zizelkatutako aztarnetan.

Ispiluan behatu dut nire gorputza. Sabela apur bat handituta daukat oraindik. Zilborra kanporantz begira geratu da. Haurdunaldian egunero almendra olioarekin igurzten nuen azala. Erditu ondoren agertu dira lehenengo ildo moreak, ezkerreko titiburuaren azpian. Kostata izaten dut dutxatzeko denbora, are gutxiago hidratatzekoa. Arreta beste gorputz batean jarrita daukat, orduero esnea eta une oro epeltasuna eskatzen didan jaioberrian. Ginekologoak esan dit aluko orbaina ere hidratatu behar dudala, penetrazioa errazteko. Zein penetrazio? Ez dutsexua izateko denborarik, ezta intimitaterik ere.

Ispiluan ez dut ikusten mingainarekin sumatu dudan kariesa. Maiz hortzak garbitu gabe sartu behar izan dut alabarekin ohean. Meme honekin identifikatu naiz: «Bart eztula nuen, baina nire haur txikia lo zegoen eta nire listuarekin ito egin nintzen. Antza, umetxoa esnatu baino, nahiago dut hil!». Nik gernu infekzio bat izango dut laster gauetan txizari eusteagatik. Tira, horrek frogatzen du nire zoru pelbikoa ondo dagoela, eta fisioterapeuta baten balorazioak balio dituen 60 euroak gorde ditzakedala!

Ada Colau Bartzelonako alkateak poza zein amorrua sentitu du ispiluaren aurrean bere orbaindun zilbor berria behatu duenean. Sare sozialetan kontatu du sabeleko hernia operatu berri duela, puerperioaren inguruko tabuak apurtzeko xedearekin. «Sendatzea baino mila gauza garrantzitsuago zeuden beti egiteko. Ez zen larria, baina nire bizitza eta autoestimua baldintzatu ditu». Kazetari eskuindarren isekak eta komentario maltzurrak entzun behar izan ditu arropa zabal azpian ezkutatzen saiatzen zuen konkorra dela eta.

Erditu ondoren zailtasun fisiko eta emozionalak bizi izan dituzten emakumeak, «bakarrik eta ikusezin» sentitu direnak, besarkatu ditu Colauk mezuan. Lagun baten baginako prolapsoa gogoratu dut. Lotsa eta ikara sentitu zuen alua nola geratu zitzaion ikustean, eta ez zuen arreta egokirik jaso.

Pribilegiatua naiz ni. Konplikaziorik gabeko erditze errespetatutik azkar osatu naiz, eta ahaldunduta hasi dut amatasuna. Baliabide guztiak ditut: bikotekide erantzukidea, lagun eta senideen tribua, lan baldintza onak, informazio pila bat eta tabu gutxi, osasun arreta egokia... Eta, hala eta guztiz ere, gogorra da 24 orduko lan hau, nire gorputza eta identitatea eraldatzen ari dena. Duda barik, inoiz egin dudan lanik inportanteena, baina asko errepikatu behar dut hau, heteropatriarkatua eta kapitalismoa amatasuna inposatzen saiatzen den arren, ez baitute balioesten ezta babesten ere.

Haurdunaldian eta puerperioan zaintzak bermatuko dituen politika feminista aldarrikatu du Colauk. Nik gaineratuko nuke epika behar dugula. Gure orbainak harrotasunez behatzeamerezi dugu bizitza sortu dugunok, balentria baten erakusleak baitira. Ni saiatu egiten naiz titiko ildoak txeraz begiratzen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.