Oroimenaren makurdura

2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Joan den uztailean, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkaritzak Memoriaren Udal Erretratuak izeneko dokumentua aurkeztu zuen. Uste sendoa genuen Memoriaren Eguna dokumentu horren edukia oinarri hartuta egingo zela.

Dokumentu hori lantzeko irizpide nagusia bizitzeko eskubidearen urraketa izan da. Nire ustez, irizpide egokia da, alderdikerietatik kanpokoa eta eztabaidaezina. Horregatik, inork ezin du zalantzan jarri dokumentu horretan agertzen diren guztiei eskubide hori urratu zitzaiela.

Baina bizitzarako eskubidea urratu zaien ehunka pertsona dokumentuan jasotzeko helburu horren objektibotasuna lausotu egin da, kasu asko ez aipatzeko hautua egin baita. Irizpidea zuzena da, baina ez dut ulertzen Bake eta Bizikidetzarako idazkaritzak zergatik egin duen horrelako aplikazio subjektiboa.

Esaten digute zorrotza izan dela dokumentua garatzeko egin den kontrastea, eta bizitzarako eskubide urraketen irudi zorrotza bistaratzen duela, hilketa bat bera ere baztertu gabe, ezta biktima bat ere. Halaber, esaten digute ez daudela erretratu horretan nazioarteko giza eskubideen markoaren arabera bizitzeko eskubidearen urraketa gisa onartzen ez direnak, nahiz eta lotura izan gertatu ziren indarkeria testuinguruarekin.

Agian azalpen honekin justifikatu nahi dira dokumentu honek dituen hutsuneak eta, zalantzarik gabe, onartezinak direnak. Onartezinak, bertsio ofizialak berresten dituztelako, eta kasu gehienetan benetan gertatutakoa itxuraldatu baino ez dutelako egiten, hain justu, bizitzeko eskubidearen urraketa argia izan dena justifikatzeko. Giza Eskubideen Konbentzioko 2. artikuluaren urraketa argiak dira, gure irudiko. Bertsio horiek segurtasun indarrekin izandako aurrez arrekoen atzean babesten dira. Ikerketa judiziala oztopatu dute, eta inpunitate osoz babestuak izan dira. Eta orain, berriz ere, Bake eta Bizikidetzarako idazkaritzak bere egin ditu bertsio horiek, inpartzialtasuna agerian utziz.

Horrenbestez, osatu gabe dagoen oroimenaren mapa bat marraztu eta zabaldu dute, kasu gutxi batzuen gainean zalantza jarrita, eta itxura emanez horiek salbuespena izan zirela. Beste batzuk aipatu ere ez ditu egin, ulertzera emanez ez zela bizitzeko eskubidearen urraketarik egon, eta, beraz, heriotza horiek ekintza zilegi eta beharrezko baten ondorio izan zirela aditzera emanez.

Gaur-gaurkoz, herri honen oroimenaren zati bat printzipio etikorik ez duen legezkotasun batek mehatxatuta dago. Badira beren maiteenak gogora ekar ezin ditzaketenak, horien bizitzeko eskubidea urratua izan bazen ere. Horrek gogoeta bateratura eraman beharko gintuzke. Batzuen memoriarako eskubidea besteentzako delitu bihurtzen denean, neurtzeko bi modu daude, eta moral bikoitza, zeinak zilegitasuna ematen dieten pertsona batzuen bizitzeko eskubidea urratu zuten ekintza biolentoei.

Urte gehiegitako sufrimenduak zauri oso sakonak utzi ditu herri honetako pertsona askorengan. Uste dut kasu horietan erakundeek ez luketela hainbeste presa izan behar egutegia betetzeko, hori baino inportanteagoa baita osotasunean heltzea gaiari, inor atzean utzi gabe.

Ea oroimenaren mapa indarkeriaren testuinguruan gertatutako askotariko egiak jasoko dituen tresna izaten den. Ea iristen den aukera gure maiteak nor izan ziren eta nola hil ziren era libre batean gogoratzeko. Ea kontakizun guztiak ikusgaitasun publiko bera duten eguna iristen den, eta norberaren zein besteen errespetuarekin, bakoitza joan dadila ondo sentiaraziko duen memoriaren ekitaldietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.