andoni egana
Plazatik

Osasunaz

2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Gu, Donostiako gonzaleztarrak, pobreak ginen, baina txukun eta langileak, bihar edo etzi zerbait izatera iritsi nahi luketen beharginen antzera. Gure apaltasun eta lanerako jarreraren truk garai hartan handiki deitzen zitzaienen oniritzia jasotzen genuen. Gizartea bera arduratzen zen Euskal Herrian bizi ginen gonzaleztarroz, ez genezan gabezia handiegirik izan, gure babesik eza eta txirotasunari hain harrera beroa egin zion lur honetan lan egitea galaraziko zigun neurrikorik ez behintzat. Gure zintzotasuna eta lanerako grina ez ziren aski hainbesteko ontasuna eta eskuzabaltasuna ordaintzeko. Lan egiteko eskubidea eman ziguten. Beraz, eskerturik egoteaz gain, indartsu behar genuen egon. Horregatik zaintzen gintuzten hain arduratsu gonzaleztarren seme-alabak. Kontsultorioetan esnea ematen ziguten, txorrotadan edo hauts egina, eta kaltzio sartzen xiringen bidez, eta txarolezko oinetakoak jartzen, aldeetara botoiekikoak, mutiko pobreoi halako maritxu uste bat sentiarazten zigutenak. Gure gurasoek gurtzen zituzten mediku batzuek tartean-tartean auskultatu egiten gintuzten, maitasun handiz,miserian ernetako gaixotasunik itsatsi ote zitzaigun jakiteko. Erne ibili beharra zegoen, lur hezeak bronkitiko lurrak baitziren. Gogoan dut nola nire haur-garunean iltzatua neukan erizain bati entzun nion esaldia: katarro gaizki zaindurikoa… tisikoa».

Chumy Chumez umoregilearen Yo fui feliz feliz en la guerra liburuko pasarte bat da ahalik eta zintzoen itzuli dudan hori. Aspalditxo argitaratutako liburua da eta are aspaldiagoko kontuez ari da, baina osasun publikoan Espainiako Gobernuak iragarri dituen murrizketen berri izatean horixe etorri zait burura.

Izan ere, beti eman izan didate atentzioa bere jiran ermita, eskola, ekonomatoa eta erietxe txiki bat duten fabrika handiek. Zumarraga, Legazpi, Berna… datozkit gogora. Joan zen mendeko erdialdera arte lantegi handietako nagusiek ongi zekiten euren langileen beharrizanik behinenak gertu-gertuan asetzeak onura baino ez ziela ekarriko. Nagusi soil izatetik jabe izatera egiten zuten jauzi hartara.

Gerora ezagutu dugu osasun sistema publikoa eta unibertsala izatera hurbildu den sasoia ere. Norbaitek pentsa zezakeen dena ez zihoala hain gaizki, gure osasunaz estatua arduratzen zela eta aitatxo horrek berdin-berdin maite zituela seme-alaba guztiak. Harik eta krisia iritsi den arte. Krisiak ipurdi bistan utzi du estatua, Espainiako kasuan PPren gobernuaren laguntza eskerga dela medio. Ez zen benetakoa gure osasunari buruz azaltzen zuen kezka. Zenbaiten estatuak ermita, eskola, ekonomatoa eta erietxea jartzen dizkigu bereagoak izan gaitezen.

Gema Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak esan du gaitzetsi egiten dituela Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legeari ezarri nahi dizkion murrizketak. Bere ustez mendekotasunen bat dutenei eta adinekoei ahalik eta zerbitzu onenak eskaini behar dizkiegu eta, zerbitzu horien bidez, gainera, lana sortu. Halaxe behar luke, baina ez du, nonbait, Chumy Chumez irakurri. Tamalez, garai bateko ugazaba handientzat bezala gobernurik gehienentzat ere, lana da onar daitekeen mendekotasun bakarra eta lan gehiago egitearren baino ez dira jartzen gure eskura jartzen diren zerbitzuak. Produzitzeko gai ez dena, lanik ez duelako edo lanerako zaharregia delako, ez dute behar bezala zainduko. Ongizatea gaizkizate bihurtuko zaio horrelakoari eta hiltzeko beldurraz gain bizitzeko izua sentitzen hasiko da. Ez dakit beste hizkuntzetan ze logika izango duen honek. Euskara aztia da ordea zenbaitetan. Osasuna hitza osotasun-ekin dago anai-arrebatua. Eta osotasunak eskatzen du batzuk, besteak eta bestelakoak berdin-berdin tratatuakizatea. Bestela ez da osasu- nik.

Basagoitik Homer Simpsonenarekin eta Juan Carlos erregeak bere elefante eta tronpekin txisteak barra-barra sorrarazi dituzten aste honetan, Chumy Chumez etorri zait burura. Auskalo ze txiste egingo zukeen Espainiako Osasun ministroaren lepo. Mato du deitura andereak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.