Ostirala da gaur, eta sakabanaketak oporrik ez duenez, urteko edozein asteburutan bezala, edozein euskal presoren edozein senidek edo lagunek asteburu hau ere errepidean, trenean edo hegazkinean emango du, etenik ez duen zigor erantsiari aurre eginez eta beste behin ere babesa eta maitasunamarraztuz kristal lodian.
Geografia liburuetan beharrean, urte askoan errepideetako seinaleetan eta gasolindegietako atsedenlekuetan ezagutu ditugu Saint Maur, Mansilla de las Mulas, Dueñas, Herrera de la Mancha, Manzanares, Daroca, Zuera, A Lama, Picassent, Villena edo Fontcalent bezalako izenak, Frantzian, Espainian, Galizan eta Herrialde Katalanetan barrena. Lagunen batekin autoan gehienetan, bakarrik noizbehinka, eta elkartasunaren gidariekin beste batzuetan, hango eta hemengo senideekin batera gaua eta furgoneta partekatuz.
Azken bidaian, Donostian ekin genion bideari, ostiral arratsaldean. Juanjo eta Joxean izan genituen gidari. Egiako auzokideek elkartasuna txandaka antolatuta daukate, eta bi lagunek urtean bidaia bat egiten dute boluntario gisa. Aurten Alacanteko kartzeletara, eta gu haiekin. Urtzi eta Josefina ere furgonetan zeuden. Hernaniarra da Urtzi, preso ohia. Lagun azpeitiar bat bisitatzera zihoan asteburu hartan, baina arreba ere preso du Murtzian, eta baita beste hainbat adiskide ere. Josefinak 69 urte ditu, eta 20 urte daramatza kartzelaz kartzela semea bisitatzen. Dozenatik gora ezagutu ditu. Gaur egun, biastetik behin egiten ditu semea ikusteko 1.570 kilometroak, lehen eta hirugarren asteburuetan.
Lopidako gasolindegian egin genuen lehen geldialdia. Maribel eta Unai hartu genituen han. Oñatiarra da Maribel, eta koinata bisitatzera zihoan Alacantera. Unai ere preso ohia da. Bilbokoa. Villenara zihoan, lagun bat bisitatzera. Azken sei hilabeteotan bost lagunekin ditu bisitak, punta batean eta bestean dauden kartzeletan. Beraz, ia asteburu guztietako plana du errepidean milaka kilometro egitea, horrek dakarren odoluste ekonomikoarekin.
Odoluste ekonomikoa gogorra da, baina odolustearenak ez dio metafora izateari uzten. Euskal presoen aurkako sakabanaketa politikak 26 urte bete ditu, eta urteotan guztietan hamasei hildako eragin ditu errepidean, benetan odolustuta. Metaforarik gabe.

KALAPORTUTIK
Ostirala iritsi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu