andoni egana
Plazatik

Paradoxak

2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Paradoxa hitza latinetik heldu zaigu guri baina grezieran du oinarria. Para eta doxos-ek osatzen dute nonbait eta sinesgarritik haratago adierazi nahi du. Uste orokortuaren eta logikaren aurkako zerbait jotzen dugu paradoxatzat. Baina paradoxak errealitatearen printzak askotarikoak direla erakusten digu. Eta printza askotariko horiei erreparatuz eman dira bestela eman ez zitezkeen zientzia eta pentsamendu aurrerapenak. Zenbait alditan, ordea, paradoxak pilatu egiten dira, gugan inguruaren ulermena zinez ezinezko dela iruditzerainoko ustea uzteraino. Aste honetan bertan hamaika horrelakorekin egin dugu topo.

Atzo piztu zuten Olinpian Londreserainoko bidea egingo duen Olinpiar Jokoetako zuzia. Datozen bi hilabete pasatxoan eskuz esku eta herriz herri ibiliko da uztailaren azken astean 2012ko Olinpiar Jokoen hasiera eman arte. Paradoxa da su bila nora eta Greziara joan beharra, informatiboetan krisia eta egoera politikoaren ondorioek eragindako suteak behin eta berriz ikusi izan ditugunean. Eta paradoxaren barruko paradoxa txikia da, Olinpian zuzia pizten duen su horrek naturala izan behar duela derrigor, eguzki printzek sortua, Olinpiar Jokoetan legezko eta legez kanpoko mila substantzia erabiliko direnean, kirolarien berezko sua areagotzeko.

Paradoxaren estalkia darama Arnaldo Otegi eta beste lau lagunen aurkako epaiak ere. ETAk bere jarduera armatua buka zezan bazen helburua, indarrak egitasmo politiko batera biltzea lortu dutenen ahalegina saritu egin behar litzateke, eta ez zigortu. Baina Justizia delakoak, beste behin ere lupa kontuak argitzeko jarri ordez, sua pizteko jarri du, Olinpian egiten duten gisan.

Paradoxa interesgarria aurkeztu ziguten telebista kamerek asteazken gauerdi aldera Athleticen Bukaresteko porrotaren ondoren ere. Bukaresteko eta Bilboko irudiak tartekatu zituzten, eta begi bistakoa izan zen batzuen eta besteen arteko aldea. Bukaresten, futbol-zelaitik kanpora zihoazen zaleek, hots, haraino joateko zalerik itsuen eta sutsuenak behar zutenek, tenplez eta animoz hartu zuten emaitza eta partidaren irakurketa itxurazkoa egiten asmatu zuten. Bilboko zaleek, teorian ez hain itsu eta ez hain sutsu, tenplea galdua zeukaten, animoa lur-joa eta irakurketa gaitasuna dezente murriztuagoa.

Paradoxa iruditu zitzaidan Felipe printzearen esaldi bat ere. Gure hiriburu berdean zebilen Gurutze Gorriaren ospakizun batean. Eta adierazi zuen beretzat borondatezko lana funtsezkoa dela eta boluntarioen jarduera balio izugarrikoa. Izango ez da, ba, beretzat balio izugarrikoa! Sehaskatik ditu berrogeitaka milioi boluntario, musu-truk bera zerbitzatzeko.

Paradoxa baino ez da perretxikoekin gertatzen ari dena ere. Perretxikoa beti izan da naturaltasunaren paradigma. «Perretxikoak bezala sortu» esan izan da beti. Orain, perretxikoak hariztietan sorrarazteko xixtemak landu dituzte eta abian jartzekotan dira, luzera begira etekin ekonomikoa ere ziurtatuz. Bila ibiltzearen plazera, alferrikako lanaren xarma, sekretuak gordetzen jakitearen balioa… ipurdiz gora joan daitezke. Eta aste honetan Toribio Etxeberria saria jaso duen surferako olatu artifiziala Aizarnazabalen asmatua izatea ere paradoxikoa iruditzen zait.

Paradoxikoa den bezala etorkizun beltz samarra duen BEC, langile murrizketak planteatzen ari den sasoi berean, Expovacacionesen egoitza izatea, lanik ezean oporrak ezinezko baitira, printze-printzesa jaio ez ginenontzat behintzat. Paradoxa da Tabakaleraren eraikina teilaturik gabe erakusten digun argazki berri hori ere, gure ustetan zutabeak baitziren kultur proiektu horretan finkatu beharrekoak. Paradoxikoa da Donostiako alkatea Kultur hiriburutasunaren alde topa eginez eta beste taldeetako kideekin topo eginez ikustea. Eta paradoxikoa, Donostiako Zinemaldiak aurtengo ediziorako industria alderdia indartu nahi izatea ere, inoiz idatzi izan dudan gisan kultur-industria hitz-sintagma, paradoxaz haratago, oximorona ere bada eta.

Akaso, giza-emakumeon izatea bera da paradoxikoa. Eta inguruan paradoxak topatzeak larritu egiten gaitu, inguru horretan islatua ikusten baitugu geure buru kontraesankorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.