martxelo otamendi
Enbaxada bila

Partida luzea

2014ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inoiz komentatu izan dizut, Vicent, zuri eta lagun katalan askori, Katalunia ez zegoela nazioarteko arazoen agendan, eta, hori erakusteko, AEBetako Estatu idazkari ohi Madelein Albrighten memoria liburua aipatu izan dizuet; liburu horretan, Kosovoko prozesuaz ari dela, txetxeniarren eta euskaldunen «independentzia nahiaz» ari delako eta katalanen aipurik ez dagoelako.

Irensten zaila da liburu hori, lodia delako oso, baina ostegun gauean Europako Batzordeko buru izateko hautagaien arteko eztabaida ikusi nuenean, liburua irensteko gogoa etorri zitzaidan. Ska Keller berdeen hautagai alemaniarrak esan zuen Batzordeko burua hautatzen bazuten Eskozia eta Katalunia onartuko zituela estatutzat. Euskaldunen arrastorik ez.

Pentsatzen dut aurki kale bat eskainiko diozuela Kellerri edo, are hobeto, cava kutxa batzuk bidaliko dizkiozuela. Casteller bat etxe aurrean?

Arrazoi osoa daukazu plebiszitario kontzeptuarekin. Plebiszitu esanahia, asmoa, ondorioa, interpretazioa, tankera... eduki dezaketen hauteskundeak egon litezke; edo, bestela, bi hautetsontzi jarri behar dira, batean hauteskundeak eta galdera, eta bestean, plebiszitua.

Espainiako Gobernuaren asmoa izua sortzea izango da, tentsioa areagotzea, azaroaren 9a hurbiltzen den neurrian. Giroa berotu, beldurra zabaldu, «bai» eta «ez» aukeren artean dagoen % 10 horretan eragin, etxean gera daitezen.

Aurretik egin lezake, egingo du, tentsio lan hori; baina eguna iritsitakoan, bi trenen arteko aurrez aurreko horretan, Generalitatek eta atzean daukan gehiengoak eusten badiote oinarrizko eskubide horren baliatzeari, oso zaila edukiko du mundu osoko begien aurrean, indarra erabiliz, erreferenduma galaraztea. Aurreko asteetako lehian dago, nire ustez, giltza. Oporretatik bueltan, irailean eta urrian da partida, instituzionala, diplomatikoa eta soziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.