Bake prozesu edo konponbide prozesu edo dena delako prozesu bat abian dela uste duzunean, eta fokuen argitan ezer gertatzen ez denean, ilunpetan zerbaitean ari diren seinale izan daitekeela pentsa dezakezu; lanpetuegi daudela sukaldean egongelara agertzeko. Baina azken egunotan bezala hainbeste bilera publiko eta adierazpen egiten dituztenean, beldur zara kontrakoaren seinale izan ote daitekeen: sukaldean ez dutela asmatzen eta egongelan ibiltzeko astia sobera dutela.
Ez da erraza, informazio pribilegiatua izan gabe, azkenaldikoen interpretazioa egiten. Adibidez: Frantziako Gobernuak Espainiako Gobernuaren aurretik pausorik ez zuela emango sinetsita zeunden; espetxe politikan Madrilek ezarritako ildoari jarraituko ziola, alegia. Eta, oraindik urratsik egin ez duen arren, Parisen oso modu interesgarrian hasi dira gauzak mugitzen. Espainiako Barne ministroak presoen damua baldintza dela esaten jarraitzen duen bitartean, Frantziako Legebiltzarrak presoak gerturatzearen aldeko proposamena onartu du, Justizia ministroaren onespenarekin, eta Nicolas Sarkozyren alderdiak Euskal Herrian dituen ordezkarien sostenguarekin, Jean Grenet kasu. Hipotesi bat: Mariano Raxoi eta konpainiarekin adostasunean ari dira Sarkozy eta konpainia, lehen pausoak Pirinioetatik iparraldera ematea errazagoa izan daitekeelakoan.
Raxoik, bitartean, espetxe politika malgutzeko eskatzen diotenekin bilera publikoak egin ditu Moncloan. Presoak pixkanaka gerturatzeko eta gaixotasun larria dutenak askatzeko eskatu diola jakinarazi du Patxi Lopezek, eta Raxoiren asmoei buruzko mezu baikorrarekin atera da Urkullu: Espainiako gobernuburuak jendaurrean emango dituen mezuak «modulatzen» eta «diskrezioz lan egiten» asmatuko duen esperantza duela esan du EBBko buruak. Dena norabide berean doala pentsa zenezake, bitartean erdi-ahaztua genuen D3M hauteskunde plataformaren auzia berpiztu ez balute, edota Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ahoa hainbestetan zabaldu ez balu: orain ETAk aktibo jarraitzen duela esateko, orain Gobernuak estatu ikuspegiz eta eskuzabaltasunez jokatuko duela agintzeko, orain presoek damutu egin behar dutela ohartarazteko, orain ETAri arma batzuk zelairen batean uzteko eskatzeko. Hori baldin bada Urkulluk iragarritako mezuen «modulatzea», jai dago.
Ezker abertzaleko bozeramaileen erantzunek ematen dute halakoetan arrastorik: balorazio baikorra, ergo bada zerbait; balorazio ezkorra, ergo oso berde dago dena. Baina arrasto garbirik ematen ez duen erdibidearekin erantzun dute oraingoan: Barne ministroaren hitzei erreparatuta, estatu ikuspegitik eta eskuzabaltasunez jokatuko duela esan duenez «immobilismoaren horman» arrakalak zabaldu direla adierazi du Maribi Ugartebururen ahotik, baina PPk «immobilismoaren eta itxikeriaren» jarreran jarraitzen duela berretsi.
Aktibo, nazioarteko eragileak dabiltza oso aktibo. Une aproposean hitz egin zuen Egiaztatze Batzordeak, Espainiako Barne ministroaren adierazpenei erantzunez bezala, ETAren konpromisoa irmoa dela berresteko, eta Nazioarteko Harremanen Taldea agertu da jarraian, Sorturen legeztatzeak ere presa duela ohartarazteko. Ondorioa: batzuek pedalei gogoz eragiten jarraitzen dute, eta beste batzuk akaso frenoa sakatzeari uzten ari dira.
Handik eta hemendik
Pedalak eta frenoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu