martxelo otamendi
Enbaxada bila

PSOEren zepillo zaletasuna

2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Pozik egongo da PPren Komunikazio arduraduna egunotan, PSC eta PSOEren arteko liskarrak Barcenas eta eskupeko diruen auzia lehen lerro informatibotik kendu duelako.

Elkarrekin jardun duten hiru hamarkadotan izan dituzte gorabeherak bi alderdiok, baina ez aste honetan Espainiako Kongresuko bozketaren inguruan sortu dena bezalakoak.

Herrialde katalanetako subiranotasunaren eskaerak indarra hartzearen ondorioetako bat da, aste honetan bi alderdi sozialisten artean gertatu dena; eta ez da azkena izango. PSCk derrigorrez definitu behar du, hitzez eta ekintzez, egoera berriaren aurrean. Subiranotasuna bultzatzen dutenen arteko inor ez du asetzen sozialisten federalismoaren proposamenak. Eta kokatzeko esparru desberdin asko ez daude: galdeketaren alde edo aurka. Aurka PP eta PSOE daude, eta azken horrek PSC eraman nahi du atzetik.

Merezi du gogoratzea zer esan zuen Alfonso Guerra buruzagi espainiar sozialistak, iseka eginez eta entzuleen txalo zaparrada handi batekin, 2006an Barakaldon egindako mitin batean: «Kataluniako estatutuari zepilloa pasatu genion».

PSCk, ez buruzagiak behintzat, ezin du luzaz elkarlanean segi horrelako jarrera daukatenekin; are gutxiago erabakitzeko eskubidearen eltzea bor-bor betean dagoen garai honetan. PSCren mitinetan, azken lau kanpainetan izan naiz, inon baino nabarmenago ikusi dut buruzagi eta oinezko militanteen artean egon litekeen alde sozial, linguistiko eta kulturala. Espainian jaiotako katalan adindu horien seme-alaba katalan hiztunei zaila egingo zaie naturaltasunez onartzeaPSOEtik etorriko zaien gero eta mezu jakobinoagoa.

Batere dudarik ez daukatenak PSEk Madrilen dauzkan parlamentariak dira: «PSE eta PSOE alderdi bera gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.