Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

'Reality' honetatik ihes

2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Jean Rouch antropologoa eta Edgar Morin soziologo eta zinema kritikaria Parisko kaleetara atera ziren 1960an, mikrofono eta kamera bat eskuan. Genero, klase, arraza eta adin ezberdineko jendeari galdera bera egin zioten: «Zoriontsu al zara?». Ondoren, irudi horiek zinema batean proiektatu eta filmaren ustekabeko protagonista berei erakutsi zizkieten, galdetuz ea bertan esandakoarekin konforme zeuden edo beste zerbait esango ote zuten, kamerarik ez balego. Pelikula Chronique d'un été deitzen da eta cinéma vérité generoaren jaiotza kontsideratzen da. Proiektu aitzindari eta profetikoa izan zen. Funtsean, jendearen eta ikus-entzunezko hedabideen arteko harremana hausnartzen du, harreman hau inozoa zen momentu historiko batean.

Denbora azkar pasatu da. 60 urteren ondoren, beste pertsonen egunerokotasuna bihurtu da kontsumitzen dugun entretenimenduaren oinarri. Telebistan, 2000. urtetik aurrera Gran Hermano bezalako reality show formatuak jaio ziren, errealitatea produktu kultural popularra bihurtuz. Operación Triunfo. The Kardashians. La isla de las tentaciones. Sálvame. Pertsona arrunten aurrean mikrofono bat ipintzean, izar mediatikoak sortu ditugu.

Ez hori bakarrik. «Telezaborra» deitzen genuen fenomenoa ez da jada soilik «kaja-tontan» bizi: etxez aldatu da, zuzenean gure poltsikoetara. 1998ko The Truman Show filmean bezala, gizakiok kamera bat dugu itsatsita beti. Gu geu bihurtu gara gure errealitate-programaren nahigabeko protagonistak. Whatsappean agerian dugu gure azken konexioaren ordua. Aplikazioan gaudenean, edonork ikus dezake «konektatuta» edo «idazten» ari garela. Norbaitekin eztabaidatzen dugunean, reality-etan entzun ditugun esaldiak erabiltzen ditugu, maiz autolaguntzaren psikologia merkean oinarritzen direnak. Gure argazki eta bideo pertsonalak sarean daude. Zortea (ona?, txarra?) badugu, noizbait biralak egingo gara eta mundu osoak ikusiko gaitu. Andy Warholek 1968an aurreikusi zuen bezala, «etorkizunean, edonor famatua izango da, soilik hamabost minutuz». Etorkizuna iritsi da, eta Truman eta Warholen iragarpenetatik ez dago hain urrun. Ez dagoena garbi da ordu laurdena pasata amets gaiztoa amaitu eta bizitza normalera itzultzeko gai izango garen, ala jadanik ez den atzera-bueltarik egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.