Sahararren zerumuga lausoa

2016ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ban Ki-moon jaunak behin baino gehiagotan iragarri ditu Mendebaldeko Sahararako bisitak. Iaz ere joatekoa zen, baina bidaia bertan behera geratu zen, ez dakigu zergatik. Asteburu honetan joatekoa dela jakin dugu berrikitan, baina lerro hauek idazten ari naizen unean, ostiral arratsaldean, ezetz dirudi. Izan ere, Mendebaldeko Sahara ez da Tinduf. Bata euren jatorrizko lurra da, Espainiak lotsagarriro saldu ondoren aspaldiko urteetan Marokoren menpe dagoena. Hara bidaiatu ahal izateko Marokoren oniritzia behar du, eta Mohamed VI.ak ez dio halakorik eman. Ez hori bakarrik, Rabaten bilera bat egiteko eskaerari ere ezezkoa eman dio, egunotan beste nonbaiten omen dabil-eta erregea. Argi dago Marokori min ematen diola nazioarteko erakundeen parte-hartze orok. Patrikak zikin dituenak ez du nahi inork galtzak eranzterik. Pentsa zer nolako ondorioak aterako lituzkeen Ban Ki-moonek Mendebaldeko Saharako kartzeletara, Marokok sahararrez bete dituenetara sartu-irten bat egingo balu, edo saharar ekintzaileen iritziak bilduko balitu, giza-eskubideak zenbateraino zapaltzen dituzten egiaztatuko balu. Marokok ez du halakorik nahi, eta ez dago hura makurrarazteko ahalik duen erakunde edo herrialderik. Pentsa, Nazio Batuen idazkari nagusiaren bilera-eskaerari uko egiteaz gain, Aaiunen lur hartzeko baimena ere ukatu egin dio eta, gainera, bisita egin baino egun batzuk lehenago abeltzain bat tiroz hil dute eurek eraikitako hormatzarraren inguruan. Hemen ez dago kasualitaterik. Marokok bere burua oso seguru ikusten du, ez du lotsa zipitzik Nazio Batuen idazkari nagusiari edonolako itsuskeriak egiteko, ez inoren aurrean makurtzeko asmorik. Ziurtasun hori ez da oinarririk gabea. Sahararren egoeraren erantzule zuzen diren estatuek Marokorekin hainbat eratako harreman komertzialak dituzte, eta mendebaldearentzat Maroko aliatu estrategikoa da, kokapenagatik eta integrismo islamikoari galga jartzeko egin dezakeen lanagatik.

Ban Ki-moon ez da Mendebaldeko Saharara joan, beraz. Gehienez ere, Fronte Polisarioak berreskuraturiko lurraldetxora eramango dute baina, nagusiki, Hamadara joango da, Aljeriako lurretan dagoen desertu idor, elkor eta gupidagabean kokaturiko errefuxiatu gunera. Bertan irauten ari dira milaka eta milaka saharar azken 40 urtean. Jada gehiago dira bertan jaioak jatorrizko lurretik ihesi joanak baino. Ban Ki-moonek bakearen milaka ekintzaile kausituko ditu errefuxiatuen kanpalekuetan. Munduak bizkar eman arren, nahiz eta mundu zabaleko erakundeek emandako hitza mila bider jan, zorrotz baino zorrotzago errespetatzen ari dira 1991. urtean sinatutako su-etena. Zaharrak etsia hartuta daude eta belaunaldi berriek ez dute etorkizunik ikusten. Edozein norbanakorentzat, herri batentzat, ez dago etorkizunik gabeko bizitza baino gauza etsigarriagorik. Baina sasoiko gazteen etsia arriskutsua izan liteke. Gero eta gehiago dira berriz ere armak hartu beharko dituztela dioten ahotsak. Beren burua heriotzara kondenatzea da, badakite Marokoren armada indartsuari azkurerik ere ez diotela egingo, baina askok ez dute beste biderik ikusten munduak ostera ere Saharari errepara diezaion.

Ban Ki-moonen bisitak ez du ilusio berezirik piztu, baina izpitxo bat bai. Hor ageri da, zerumuga lausoan, erreferendumaren ametsa. Horri arnasa eman ahal izateko, aldarri hori munduan ozentzeko, mesede handia egingo luke gutariko bakoitzak orri honetan sinadura emateak: http://www.westernsahara-referendum.org/?lang=es Zor diegu hainbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.