Pastor
Darwin eta gu

Sarako erretorearen pultsioa

2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Inoiz baino gutxiago dira euren burua soilik euskal herritartzat duten EAEko herritarrak: %19. Datu horiek azaleratu ditu Euskal Soziometroak. El Correo egunkariak ondorio argi bat atera du segituan: «Pultsio identitarioa» gero eta baxuagoa da hiru probintzietako herritarren artean.

Independentzia gogoari buruzko datuak ere agertu dira inkesta horretan. EAEko herritarren %23k nahi dute burujabetasuna. Aukera horren aurkakoak %38 ditugu. Independentziaren alde edo kontra egoeraren arabera erabakiko luketenak herritarren %33 dira. Zer da «egoeraren araberakoa»? Kabiar independentismoaren ametsa ezkutatzeko eufemismoa? Nork bere bizimodua eta estandarrak ditu, eta horrek baldintzatu egiten gaitu. Hala izanda ere, azken unean burujabetasunari uko egiteko zenbait arrazoi beste batzuk baino errazago uler ditzakegu. Inori ez zaio eskatzen independentziaren ostean gau eta egun patatak jateko. Alta, pentsioa galtzearen arriskua —mamu hori astindu zuten Eskoziako erreferendumean, besteak beste— eta laugarren etxebizitza erosteko ahalmena murriztea ez nituzke maila berean ipiniko.

Ez dira oso onak, ez, soziometroak hedaturiko emaitzak, nahiz euskal herritar soilak eta euskal herritar espainiar baino gehiago sentitzen diren pertsonak %44 diren. Hala ere, Vocento taldearen ustez, inoizko baxuena da euskal herritartasun hutsaren sentimenduak bereganatu duen atxikimendua. «Pultsio identitarioa», alegia.

Ordea, zalantza sortzen da datuak irakurri eta alderatuz gero. Kazetariak pultsio identitario delakoak behera egin duela adierazi nahi bazuen, zergatik ez du hartu adibidetzat bere burua soilik espainiartzat duen %6a? Espainiar hutsa sentitzea ez al da nork bere burua soilik euskal herritartzat jotzearen moduko pultsio identitarioa? Portzentaje hori ez da %19 baino askoz txikiagoa? Akaso datu horrek ez du agertzen espainiartasun hutsaren aldeko pultsioa inoiz baino motelagoa dela?

«18-29 urte bitarteko gazteen multzoan dugu soilik euskal herritar agertzen diren lagunen portzentajerik txikiena: %17».

Beste alde batetik, adinaren araberako oso datu esanguratsuak ageri dira inkestan. 18-29 urte bitarteko gazteen multzoan dugu soilik euskal herritar agertzen diren lagunen portzentajerik txikiena: %17. Beste atal guztietan punturen batzuk gehiago lortzen ditu atxikimenduak. Hezkuntza sistemak doktrinatu egiten duela diote. Gazte horiek guztiak autonomiaren lau hamarkada eta erdiko aldian bizi izan dira, bete-betean bizi ere. Zeinen bitxia den gure doktrinamendua.

Beste alde batetik, eta behin galdetzen hasita, egokia izan liteke galderen esparrua zabaltzea: zenbat pertsona sentitzen dira kolonbiar eta euskal herritar? Jatorri errumaniarra duten herritar gazte eta ez hain gazteek euskal herritartzat dute beren burua ala soilik errumaniartzat edo espainiartzat? Edo bi edo hiru lekurekiko atxikimendua dute? Eta marokoarrek? Inklusioaren sasoian arlo horretan ere inklusiboak izatea komeniko litzaiguke.

Horrela, espainiartasunean eta frantziartasunean oinarrituriko logika apurtuko genuke. Batzuetan artifiziala eta irrigarria izan daitekeen logika, estatu nagusiek hura normaltzeko egiten dituzten ahaleginak gorabehera. Pablo Fermin Irigarai Larreko euskal idazle nafarraren testu batek argi uzten digu hori. Pirinioetako baserri batean bizi zen familiaren kasua azaldu zuen Irigaraik. Ez dut gogoan bizilekua zehazki non zen kokatua. Luzaidetik aurrera zela esango nuke, azken batean Larreko Aurizkoa baitzen. Kontua da etxalde hura bitan zatitzen zuela Espainiaren eta Frantziaren arteko mugak. Hortaz, etxearen alde batean jaiotako lagunak espainiarrak ziren legez eta bestean sortuak, frantsesak, guzti-guztiak familia berekoak baziren ere. Eta euskaldunak, seguruenik erdaraz oso ondo moldatuko ez zirenak. Hori baino banaketa identitario barregarriagorik?

Axular Urdazubin jaio zen, eta Saran hil. Bi estatu boteretsuk banandutako eskualde naturaleko herriak. Kultura eta hizkuntza bakarra. Zer pultsio zuen Sarako erretoreak? Espainiarra? Frantsesa? Edo euskalduna, besterik ez?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.