Segurtasun juridikoa nahi dugu

Pilar Lekuona
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egunero, Estatu osoko 260.000 erizainok milaka esku hartze eta jarduera terapeutiko egiten ditugu botikei eta osasun produktuei dagokienez; horiek guztiak, hain zuzen, identifikatuta daude NIC NOC NANDA erizaintzako diagnosi, esku hartze eta emaitzen sailkapen nazioartekoan, eta Espainiako legerian eta osasun sisteman sartuta. Eta, gaur-gaurkoz, beharrezko lege babesik gabe jarduten dugu horretan. Hau da, segurtasun juridikorik gabe.

Horretaz ohartzeko, bisitatu besterik ez dago gure edozein ospitale, geriatriko, oinarrizko laguntzako etxe, klinika pribatu, eta abar. Hona hemen adibide batzuk: presioagatiko ultzera bat sendatzea, apositu sendagarriak eta krema erabilita; zauriak eta erredurak sendatzea; txerto bat jartzea; eri kroniko bati botikak aldatzea; ebakuntza baten ostean analgesiko bat ematea eriondo bati; aztoratu dela eta, botikaren dosia berriro egokitzea eri dementziadun bati, medikuak hala agindua duelako «behar izanez gero»; edo, lo egin ezinik dabilela eta, somnifero bat ematea eri bati, «behar izanez gero»; edota gure emaginek oxitozina ematea haurdunari erditzerakoan...

Milaka egoera aipa genitzake, eta guztietan ere berbera da errealitatea behin eta berriro: erizain profesionalak kasu bakoitza aztertu beharra dauka, eta hainbat erabaki hartu zenbait botikari dagokionez, betiere eriaren hobe beharrez, eta osasun arloa behar bezala ibil dadin eta profesional gisa horretarako ezin hobeto gaitua dagoelako. Hala eta guztiz ere, ez dago antolakuntzarik, ez erakunderik, ez eta gobernu autonomikorik ere (Andaluzia izan ezik) erizaintzako jarduera horiek juridikoki babesten dituenik, erakundeetan ezarriak dituzten gida edo protokoloek goiburutzat darabiltzaten anagrama edo logotipo ugariak gorabehera. Ikusi besterik ez dago gure lankide baten kasua, erizain valentziarra bera, zeina inhabilitatu egin baitute parazetamol bat emateagatik halakorik agindua ez zioten eri bati.

Ez da berria hizpide dugun gai hau. Botiken eta osasun produktuen bermeari eta erabilera arrazionalari buruzko legean araututa dago erizainek zer-nola indikatu eta erabili behar dituzten botikak eta osasun produktuak, bai eta haien banaketa nola baimendu ere; hala jasota dago, legez eta talde parlamentario guztien babesaz aldatzea onartu zutenez geroztik. Errege Dekretuaren proiektua, beraz, lege horretan jasotako aurreikuspenen garapena baino ez da. Proiektu —orain gelditutako— horretan jasotzen eta argitzen da erizainek zer-nolaindikatu eta erabili behar dituzten mediku aginduz ematekoak diren botika eta osasun produktu batzuk, bai eta nola baimendu ere gai horiek ematea, oinarrizko laguntzako osasun arretaren esparru horretan eta laguntzari segida bat ematearren; horretarako, praktika kliniko zein asistentzialari dagokionez elkarrekin landutako protokoloak eta gidak aplikatzea jasotzen da proiektuan.

Errege dekretugai hori behin betiko garatzeak segurtasun juridiko osoa ekarriko digu erizainoi gure eguneroko jardunean. Jakina, ez dugu sartu nahi beste profesionalen lanetan. Gure iritziz, hori bai, diagnosi hitza ez da medikuen ondarea. Edozein profesionalek, izan ere, gai den alor horretan egin ohi ditu diagnosiak, eta ez bakarrik osasun alorrean.

Jakina, eskertuta gaude hainbat profesional medikok konpromisoa hartu dutelako erizainek botikei dagokienez jokatu beharreko rol berri hori onartzeko eta beren egiteko. Baina, arazoak edo arriskuak sortuz gero erien osasunari dagokionez, alfer-alferrik da medikuek guri esatea «edozer dela ere, nire babesa izango duzu», baldin eta ez badugu lege esparru jakin bat gure eguneroko zenbait jardueratarako. Horregatik, bada, uste dut gure lankide medikoek abagune egokia dutela hauxe jendaurrean tinko hitzemateko babesa eskainiko digutela lege esparru hori abiarazteko.

Azken batean, zera nahi dugu: lege esparru bat ematea erizainon egunerokoan ohiko jarduna den horri; izan ere, epaile baten aurrean, lege euskarririk izan ezean, ez dugu defendatuko gaituenik. Frogei nagokie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.