Hitz beste
Solasa
Ez bainuen zutaberako gustuko gairik aurkitzen, nire barruko harra hasi zait tenta eta tenta, inkisidore zahar baten maneran: zergatik egunero zutabe bat idazteko neke hori? Eta nik: ez sosengatik. Inkisidoreak: famagatik, orduan. Nik: egoa ez da bide lagun txarra, baina euskara dut lan-tresna, ez nago sare sozialetan, bakardadean egiten dut bertan goxo. Inkisidoreak: euskarari laguntzeagatik? Nik: euskararen premia nik daukat, euskarak ez nirerik. Inkisidoreak: idealen edo lagunen leialtasunagatik? Idazlea idazle dena bere letrekin da leial. Inkisidoreak: berandu duk, ez daukak biharko zutabearen nondik norakoaren arrastorik. Nik: idatziko dut zerñobait, ez nazazu estutu, aterako da nonbaitetik. Inkisidoreak: ulertu diat, konpai, diziplina handiko pertsona haizelako idazten duk hik. Eta nik: ez, jauna, ez, oker zaude ostera ere: idazkuntzaren diziplina mendean hartu nahi nukeelako iritsi naiz honaino gaurkoan ere…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu