Santiago Calatrava arkitekto eta eskulturagilearen bi lan dira erakusgarri gaur azaldu nahi dudanerako. Entzutetsua da gizona, eta Valentziako herrixka batean jaioa. Loiuko aireportua berak diseinatu zuen. Egin orduko jabetu ziren bezeroak funtzionaltasun urria zuela. Kanpora irten eta autoaren edo autobusaren zain egoteko inolako aterperik ez zuen hegazti irudiko eraikin berriak. Bidaiariak busti egiten ziren gaur bai eta bihar ere bai.
Bilboko Zubizuri zubia ere Calatravak egina da. Zorua garden eta distiratsua ipini zion, kristal ñimiñoz josia. Polita bai. Baina arriskutsua. Hezetasunaren poderioz askok egiten zuen irrist eta askok min hartzen. Hortik aurrerakoa ezaguna egingo zaizue: Bilboko Udalak komenentziara berritu zuen zubia, Calatravak salaketa jarri zion bere artelana baimenik gabe moldatu zuelako eta alde baterako zein besterako epaiak izan ziren. Hori zait gaur gutxienekoa. Valentziarra da Calatrava. Eta Valentzian urtean zehar egun gutxitan egiten du euria. Loiun eta Bilbon, ordea, maixko. Bere herrialdeko eskema eta egiturak ekarri nahi izan zituen gurera, eta ez dirudi asmatu zuenik.
Horretara nindoan. Mundu borobildu honetan kanpoko joerak aisa egiten ditugu gure. Eta hori ona da, joera ona denean. Txarra denean, aldiz, txarra. Dieta mediterraneoa ontzat eman beharko dugu, baina bietan mediterraneoak kezkaturik nauka. Gabon jaietan ere bai baina udaldiko jai eta festen inguruan batik bat, mediterraneo aldetik-edo datozkigun gustuak nagusitzen zaizkigula suma daiteke. Suaren beroari suaren hotsak hartu dio gain. Barraka-karraka-traka-matraka errima bikainak lirateke oraingo gure udaldia zer den adierazteko.
Baditugu gure-gureak diren suak. Amets Arzallusek «Ta gu su horren bueltan dantzan gabiltza» bota zuenean, guztiok irudikatu genuen sua ez zen behetik gorakoa ez goitik beherakoa ere. Su etzana zen. Su partekatua. Gure maila bereko sua. Hotsik ez zuena, ez baziren jirakoon kantuek eta dantzarien hauspo berotuek sortuak. Edo zumitzaren zirripi-zarrapak erretzen ari zen unean.
Txupin eta etxafuegoz hasten ditugu jaiak, eta aurten izan da ezusteko larri samarren bat. Su artifizialak zenbait egitarauren ardatz dira eta telebistaz ere eman egiten dituzte, aditu eta komentarista eta abarrez jantzirik. Desfileetako deskargen gainean ez dut karga handiegirik erantsiko, Hondarribikoak mina baino ez baitu zabaldu inguruetan. Zezensuzkoa gure kaleetan barna ibiltzen da… Inoiz pentsatu izan dut gure zonaldean su artifizialak izendatzeko darabilgun suzko erruerak jator horrek, gurpilekin baino zerikusi handiagoa duela erruekin. Herritarroi gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkigu su eta zarata nahasketa horiek, baina onartu beharrean nago gutxienez egituratuak direla eta, arriskuak arrisku, hauek saihesteko legeen pean daudela.
Baina gustoekin hasten dena sustoekin bukatzen da, batzuetan nahi gabe eta besteetan propio. Ume petardo jaurtitzailea baino atorranteagorik ez da. Nik lehenengotik erauziko nioke joera. Irakasle banintz, batek baino gehiagok eramango luke etxera gisa honetako oharren bat: «Erne! Ume honek handitan petardo hutsa izateko traza guztiak ditu». Petardo jaurtitzailearena ez baita jolasa soilik edo bihurrikeria arrunta. Gehixeago adierazten ari da. Nabarmendu zalea da eta abantailarekin jokatzea gustatzen zaio.
Nabarmendu nahi duenak baditu mila modu. Ikasgelako notarik onenak atera; lagunik onena izan; eleberri bat idatzi; maiteari poema bat toteldu; txakurrari txabola berria eraiki…Petardo bat leherraraziz nabarmentzen dena beste ezertan ezin duela nabarmendu azaltzen ari da; bere nortasuna nolabait aditzera emateko premia larria daukala azaltzen ari da, oso nolabait eta modu bitxian bada ere. Gehiago esango nuke. Abantailarekin jokatzea atsegin du. Berak badaki non eta noiz lehertuko den jaurti duen zera hori. Besteok, ez. Besteok sustoa hartzen dugu, eta berak irri egin. Nagusitasun horrek sortzen dio gozamena. Gaurko gizartearen gaitza, eskala txikian. Gizartean ere batzuk beti sustoa hartu behar izaten dugu, beste batzuk irri egiten duten bitartean.
Plazatik
Suaren hotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu