Teknologia, komertzioa eta erlazioak

Arkaitz Fullaondo Elordui-Zapatarietxe
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Orain dela hilabete batzuk agerkari digital batean irakurri nuen Amazon-ek dron-ak erabiliko zituela erosketak etxeetara bidaltzeko. Era berean, enpresa horrek Seattle hirian langilerik gabeko lehen supermerkatua ireki du, erosketak egiteko modua irauliz: bezeroa dendara sartzen da, behar duena hartu eta besterik gabe alde egiten du. Nola egiten du ordainketa? Bezeroak egin behar duen gauza bakarra, dendan sartu baino lehenago sakeleko telefonoan duen aplikazio bat ireki ta listo. Etorkizuna? Ez, errealitatea.

Teknologiak gure kontsumitzeko modua eraldatu duela argi dago. Gaur egun, aplikazioak eta web orrialdeak erabiltzen ditugu erosketak zein kudeaketak egiteko. Joera hau gero eta nabarmenagoa da eta hemendik gutxira orain arte teknologiaren bidez egiten ez ditugun hainbat gauza, teknologia erabiliz egitera ohituko gara. Aldaketa honek eragin nabaria du kontsumo ereduan; gero eta indibidualagoa, malguagoa, eta azkarragoa dagure kontsumitzeko modua. Hare gehiago, gure gizartean indibidualismoa, malgutasuna eta azkartasuna gero eta pisu handiagoa duten balorek dira.

Kontsumo eredua gizarte zehatz baten ezaugarri nagusienetako bat da. Asko dio gutaz nola eta non kontsumitzen dugun. Eta honetaz ari garela, gai hau ateratzen den bakoitzean ia beti komertzio txikiaren egoera kaxkarra agertzen da. Bai, komertzio txikia da guztiok zaindu eta goraipatzen dugun hori, nahiz eta gero hirietako periferiako merkatal zentroetan edo multinazionalen dendetan erosketak egiten ditugun.

Berez, komertzio txikiak beti sufritu izan ditu teknologiaren garapenaren ondorioak. Adibidez, garraio pribatuaren boom-akperiferietako merkatal zentroen hazkundea ekarri zuen. Garraio teknologiaren garapen honek, kontsumo eredua irauli egin zuen. Herri eta hiri askotako denda txikiek itxi behar izan zuten eta beste askok negozio berrietan eraldatu (zenbat fruta-denda berri zenbatu ditzakezu zure herrian?). Orain aldiz, kontrako joera bat somatu dezakegu: gero eta supermerkatu berri gehiago irekitzen ari dira herri eta hirietako erdiguneetan, badirudi orain gertutasun geografikoa preziatuagoa dela hainbat negozioentzako. Jada ez da beharrezkoa kotxea hartzea eguneroko erosketak egiteko. Hare gehiago,Estatu Batuetan (merkatal zentroen paradisua) periferietako merkatal zentroak ixten hasiak dira, arrazoia? Besteak beste, gero eta bezero gutxiago dituzte jendeak internet bidez egiten dituelako erosketak.

Iraultza teknologiko berri baten erdian murgilduta gaude eta gizartean ematen ari diren aldaketak nabariak dira. Erlazionatzeko moduak aldatu dira eta joera sozialei so egiten badiegu norbanakotasunak gero eta indar handiagoa izango duela dirudi. Hala ere, ikusteko dago erlazionatzeko eredu berriek ez dituen baita ere norbanakotasunaren eta kolektibotasunaren nozioak aldatuko. Zer da norbanakotasuna hiperkonektibitatearen garai honetan? Zein izango da gizarte birtualaren rola gizartea bera ulertzeko? Galdera asko... banoa herrian ireki berri duten zazpigarren fruta-dendara madari bat erostera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.