Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Telefono deia Etxe Zuritik

2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Joan den asteazken gauean Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri eta Egiptoko presidente Mohammed Morsiri hots egin zien AEBetako komandante buru Barack Obamak. Etxe Zuriak jakinarazi zuenez, Obamak sostengua adierazi zion Netanyahuri: defentsarako eskubidea duzue, Hamasen erasoak onartezinak dira; hori bai, zibilak ez hiltzen saiatu. Morsiri, aldiz, gatazka baretzen ahalegintzeko eskatu omen zion.

Estatubatuarrek beste begi batzuekin begiratzen diote munduari. Hedabideetan ere nabari da aldea, nazioarteko atalean dena da etxekoagoa. Berdin da munduko zer bazterretan zer gertatu den; zer esana edo zer egina baduela sentitzen du estatubatuarrak. Ondo jokatu ote du CIAk gatazka hartan? Merezi ote du gure zergak halako erregimenari laguntza emateko erabiltzea? Zer egin du gaizki Obamak ez dakit nongo errebeldeak oraindik ezinean aritzeko? Munduko jendarmea izatearen nekeak.

Gazako kaleetan barrena doan buruzagi palestinarraren autoa misil bidez lehertzeko gauza baldin bada Israelgo Armada, edo egun gutxian hainbeste aire eraso egiteko gaitasuna badu, neurri handi batean AEBen laguntza ekonomiko, teknologiko eta militarrari esker du. Inguratzen duten herri arabiarretako armada guztiak batera baino ahaltsuagoa omen da Israelgoa. Ez du alferrik 3.000 milioi dolarreko laguntza militarra jasotzen urtero AEBengandik. Etxe Zurirako bozetako galtzaile handienetakoa Netanyahu izan omen zen. Romney nahi zuen, baina estatubatuarrek Obama nahiago izan zuten, juduek barne—%69k egin zuten Obamaren alde —. Jerusalemen, dena den, ez dute zertan kezkatu: defentsa eskubidea ez dago auzitan Obamapean ere.

Israeldarrak sufritzen ikusten ohituago dago ikusle estatubatuarra, baina gertatzen dira salbuespenak. The Washington Post-en osteguneko azaleko argazki nagusian aita gaztea negarrez ageri da, 11 hilabeteko semearen gorpua besoetan. Israelgo Armadak hil berri du Gazan, ziurrenik AEBen eskutik lortu edo garatutako azpiegitura eta armak baliatuta. Ez da, noski, sufrimenduaren argazki bakarra. Israeldarrak ere ageri dira lehen orrietan, misilen beldur, babes bila. Gazatik jaurtitzen dituzten misilak ez baitira jostailuak, Gazan lehertzen direnak bezain hilgarriak ez diren arren.

Atera ditzagun kontuak. Remember These Children erakundeak izen-abizen eta guzti jaso ditu gatazka honetan hildako umeen estatistikak, 2000ko irailetik: hamabi urteotan 1.477 haur palestinar hil dituzte israeldarrek; 129 haur israeldar palestinarrek. B'tselem giza eskubideen aldeko erakunde israeldarraren eta Israelgo Atzerri Ministerioaren datuetan oinarrituta Wikipedian eskura jarritako estatistiken arabera, 2.500 zibil palestinarretik gora hil dituzte israeldarrek azken bost urtean (2007-2011), eta 76 zibil israeldar, garai berean, palestinarrek. Datuak eskuan, merezi du Obamak Netanyahuri telefonoz esandakoa gogoraraztea: palestinarren erasoak geldiarazi behar dira, Israelek defentsarako eskubidea du, baina ahaleginak egin itzazue, Benjamin, zibilak ez hiltzeko.

Telefono deiari buruzko informazioan, Etxe Zuriak ez du argitu hauteskundeez ere hitz egin ote zuten bi agintariek; batak zorionak eman ote zizkion besteari garaipenagatik, edo besteak zortea opa ote zion batari datorren urtarrilean —hara kasualitatea— Israelen egitekoak dituzten bozetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.