martxelo otamendi
Enbaxada bila

Telefono hariak gori daude

2013ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inkestak egiten dituzten enpresak pozik egongo dira Katalunian, independentziaren aldeko prozesuaren gaineko jarrerak, joerak, emaitza birtualak, bilakaera, konparatiboak, dudak... arakatu eta aztertzen nahiko lan eduki dutelako azken hilabeteotan. Segur aski, are gehiago ugalduko zaie lana hurrengoetan.

Inkesta zentzu estuan ez, baina Kataluniako eragile nagusien iritziak, nahiak eta estrategien berri edukiko dutenak, eta inon argitaratuko ez dituztenak, AEBetako zerbitzu sekretuak izango dira. Munduko diplomazien artean, Washingtongoa izango da Kataluniako prozesua interes handienarekin aztertzen ariko dena.

Interesgarria litzateke jakitea AEBetako Madrilgo enbaxadak zenbat analista gehiago bidali dituen azkenaldian Bartzelonara, bertatik bertara jakiteko gertatzen ari dena. Hitzez eta entzunez jakiteko han egosten ari dena; modu formalean batzuetan, eta ilegalean besteetan. Duda bakarra da ea estatubatuarrek zelatatzen duten eta gero espainiarrei pasatzen dieten informazioa, edo alderantziz. Baina inork ez dauka dudarik gori egongo direla zenbaki zelatatuen grabagailuak.

Jakinekoa da AEBetako talde diplomatikoko analistak, tartean ardura politikoetako kontsula, bildu direla hilabeteotan Kataluniako alderdi politikoetako ordezkariekin, «tenperatura hartzeko besterik ez», «gertatzen ari denaren gaineko informazio lehen eskukoa edukitzeko», «gure arteko harremanak lantzeko» eta antzeko aitzinsolasekin.

Are gehiago,Kataluniako Parlamentuko kide batzuk gonbidatu dituzte berriki AEBetara, gonbidatzaile aingerutarren hitzetan, «hemengo sistema politikoa ezagut dezazuen».

Inor ez dago geldi, eta are gutxiago jendarme lana egiteko ardura bere buruari eman diona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.