oihana arana
ELE

Totem abstraktua

2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dut inora berandu iristerik nahi. Ez dut ezein drogarekiko mendekotasunik garatu nahi. Ez dut gaizki egin dezakedala uste dudan horretan saiatu nahi. Ez dut zauririk erakutsi nahi, ezta zaurgarri naizela iradoki dezakeen beste ezer ere. Ez dut epearen mamuari aurre hartu ezinik korrika negar anpulu batzuk isuri izan ditudala onartu nahi.

Eta horregatik erantzuten diot beti normal nagoela zer moduz nagoen galdetzen didan ahots bakoitzari, normal berbak eskaintzen didan aseptikotasuna oso delako nire perfumearen usainekoa. Horregatik joaten naiz gutxienez hamar minutu lehenago autobus geltokira; ez dut egunean kafe bat eta te bat baino gehiago hartzen (bestelakoak, zero); ez dut jendaurrean —eta ispiluaren aurrean ere aski gutxitan— dantzarik, kirolik, zalantzati erakusten nauen galderarik... egiten.

Akaso hori dela-eta bizi izan naiz orain arte erdi-gustura fikzioaren mantapean ezkutatuta, eta horregatik izan dut gurago basamortuan hareazko gazteluak egitera jolastea kobazuloen giro umelean harrizko eskulturei begira egotea baino. Harriaren gainera erortzea harearen gainera erortzea baino mingarriagoa da: ez baita robot perfektu azaltzea bezain erraza gizatiar azaltzea.

Afera honetaz jabetzen ari nintzela eskaini zidaten nire lekutxoa orri honetan, eta, bizkarra galdera ikurrez bete bazitzaidan ere, pentsatu nuen baimendu behar niola neure buruari minei berbak jarri eta irakurgai uztea; robotak aurkakoa gurako lukeen arren, erabaki nuen zutabeak ez, estalagmita jaioberriak idatziko nituela nik, nire anpuluen gaziarekin jaio eta zuenekin haziko ziren harrizko totem abstraktuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.