Trapu zaharrak egosiz lortzen zen garai bateko papera egiteko pasta, eta paper-fabrikek trapu zahar asko behar izaten baitzuten, arrunt ziren herriz herri ibiltzen ziren Iparragirreren kantukoa bezalako trapu-biltzaileak (atera, atera, trapuak saltzera!). Trapu zaharrak ateratakoan agerian geratzen baitziren jendearen miseriak ere, inoren trapu zaharrak haizeratzearen esamoldeak horrekin du, nonbait, jostura.
Baina kontua da trapu zaharrak egosterakoan guztiz desagertzen zirela haiek jantzi zituztenen arrasto guztiak, ezkon-jantzi higatuak, soldadu garaiko piltzarrak, simaur-usaineko prakak eta mantal koipetuak, haur gosetuen pixoihalak, hil-oihalen angustia zurbila…Eta historia zahar ezabatuekin oratutako paperean idazten zituen apaizak jaiotza eta heriotza agiri berriak,epaileak bere sententziak, maitaleak gutunak, eta idazleak ere hantxe, historia benetakoen ahanzturaren gainean, bere istorio asmatuak

HITZ BESTE
Trapu zaharrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu