Elurre Iriarte Bañez.
MELE

Turismoa kontrako zintzurretik

2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
«Herriko jendea ez bada kontent, zerbait gaizki den seinale» erran zigun seiehun biztanleko herri bateko ostalariak, turismoari buruz solasean ari ginelarik. Herriko jendeekin ez ezik, turistekin eta bidaiariekin beteko ditu gelak eta jatetxea. Eta hortxe turismoak sortzen digun kontraesanetako bat pertsona bakarrean, urtean barna bizitzeko udako lan-kolpea beharrezkoa baitu. Ez dugu gure herria jende mukuruz betea nahi, baina ez dugu bertze herriak bisitatu gabe egon nahi.Zaila, zinez.

Turista eta bidaiaria bereizten ditu baten batek. Turista bere instagram-kartilla betez bizi omen da: toki batera joan eta ikusi behar den guzia fite ikusiz, lekua ezagutu duela uste du, zerrenda zenbat eta beteagoa, gehiago ezagutu duela sinesten du. Exigentea da, gainera, eta oporrak umore traketsarekin pasatzen ditu normalki. Bidaiaria, berriz, prest omen da ikustekoa den hori ikusi gabe etxerat itzultzeko, afera da lanera ez joatea eta etxetik ateratzea.Bisitaria gehituko nuke, gaurgero ikusi beharrekoa ikusia du eta berriz itzultzen da, hurbilagoko harremanak eginez. Duda dut sailkapen hau ez ote den geronek egiten dugun turismoa justifikatzeko, baina tira!

Pandemiaren erdian, turistak, bidaiariak eta bisitariak, denak elkartu zaizkigu. Zer egin behar den ez dakit, muga non den ere ez. Dakidan bakarra da muga hori pasatua dela zenbait tokitan eta gero eta herri eta hiri gehiago desitxuratzen direla sasoi honetan gehienbat, inbasio sentsazioarekin bizitzeraino. Akaso arazoa ez dago turismoan bakarrik, akaso arazoa hirigintzan eta kulturan ere badago: nola antolatu gure herri eta hiriak, eskapatzeko halako beharra sentitu behar ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.