Etxetik urruti gabiltza, lurralde epelagoetako bazter batetik bestera. Terraza eguzkitsu batean eseri gara, muinak urtu gabe eta astiaren yabe, Lizardi Paris'ko txolarre poeman bezala. Eta poeman bezalaxe, txolarre bat pausatu zaigu guri ere mahaian. Konfiantza hartu duenean, bi salto txiki eman ditu. Beste bi saltotxo berriro, gure kikaren ingurura. «Paris'ko txolarre, zertan aiz berezi nere erriko batez» galdetzen zuen Lizardik. Kosmopolitismoak—munduko herritar izateko grinak— furiada handia eragiten zuen garaiko galdera bat da poetarena, eta poemak azpimarratzen diguna da han jaio edo hemen, hemen bizi edo han, funtsean ez garela hain desberdinak: munduko terraza guztietan,txolarrea beti txolarre.
Furgoneta zalapartari bat sartu da plazan, bozgorailu handi batetik hauteskunde-kontsignak emanez. Txolarreak alde egin du hegaldi zoroan. Ez nago ondorioak ateratzeko trenpuan, oporretan buruak ere atseden hartu beharko luke.

HITZ BESTE
Txolarrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu