Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Udako krimenak eta sukar-ametsak

2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Abuztuan telebistak aspertuta daude. Udan lan egiten duen bekarioa erredakzioaren aulkian etzanda dago, haizagailuari itsatsita, hankak gorantz, orduak kontatzen, txanda ea noiz amaitu, kalera atera eta igerilekuan sartu-irten bat egiteko. Munduan ez dago ezer kontatzeko, ez dago gai garrantzitsurik, soilik herrietako jaiak, bero-boladak, lehorteak. Latinoamerikan, hautagai politiko bat tiroka erail dute. Kazetaritzan, berri txarrak berri onak direla diote. Gertakari horrek hiruzpalau orduko edukiera bete dezake. Ez gehiago. Udan, jendea politikaz aspertuta dago, horregatik politikariek ere irailera arte itxaroten dute beren azpijokoei berriro ekiteko. Bitartean, gazte batek beste gizon bat hil du Asiako herrialde urrun batean. Krimen morboso bat da. Nahiko garbi dago zer gertatu den. Beste edozein urtarotan, egun bat edo bi iraungo luke bere aurpegiak pantailetan, beste hainbat berrirekin parrilla partekatuz. Udan ez. Udan, beroak haluzinazioak sortzen ditu. Kazetari sentsazionalistek uste dute Louisianako putzu batean bizi den sheriff bat direla, eta hilketa gai bakarra bihurtzen da, etxegabetzerik ez balego bezala, faxismoa desagertu balitz bezala. Udan, geroz eta odol gehiago, hobe. Zenbat gorputz-atal, zenbat plastikozko poltsa. Batzuetan, askotan, krimen morbosoa lilurapen estetikoarekin nahasten da, hiltzailea ederra eta gaztea denean. Are gehiago zuria bada, gizona eta heterosexuala. Aberatsa. Aktore famatu baten semea. Telebistek bingo kantatzen dute. Titular odoltsuen ondoan, akusatuaren kamisetarik gabeko argazki bat, pektoralak nabarmenduz. Bitartean, biktima pobrea eta etorkina eta arrazializatua bada, eta gainera itsusia eta lodia, ez ditu titularrak bereganatuko. Puntuak galtzen hasiko da iritzi publikoaren partiduan. Bira mediatiko arraro batean, telebistaren aurrean dauden epaile ikus-entzuleek hiltzailearekiko enpatiaren antzeko zerbait sentitu eta, bero jasanezinak eragindako sukar-amets horretan, krimenak krimena izateari utziko dio. Pixkanaka, biktimari kenduko zaio geratzen zitzaion azken gauza, duintasuna, memoria. Biharamunean, gorputz berri bat agertuko da kontzientzia kolektiboan: kazetaritza bera, ehundaka puskatan zatikatua. Agian irailean dena normaltasunera bueltatuko da. Arraroa, udan gertatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.