Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Umeen ateraldiak

2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira zenbait une umeak desagerrarazi egingo nituzkeenak. Baina, era berean, zenbat une eder oparitzen dizkiguten umeek! Errietan hasi eta irri berrietan amaitzeak ez dauka parekorik. Zenbat aldiz esan ote diogu alaba zaharrenari: mesedez, ez utzi arropa lurrean. Eta berak: «beraiek bakarrik erori dira».

Bere heldutasuna eta autonomia adierazi nahian goizeko ordu bietan esnatu ninduen beste behin: «amatxo, bakar-bakarrik eta isil-isilik joan naiz komunera, zuek ez esnatzearren». Eta ardurak hartzen irakasten ari garelakoan, hara! Bikietako bat besteari ahoan xaboia ematen ari zitzaion, eta ea zertan ari ziren galdegin nienean, hala jaso nuen erantzuna: «amonak esan zigun ostia esaten bagenuen ahoa xaboiarekin garbituko zigula, eta Marenek ostia esan du». Beste behin negarrez ari nintzen hilerokoa datorren seinale den egun hauskor horietako batean, eta alabak: «Zergatik ari zara nigarrez?» Eta nik: «ez dakit, egun txarra daukat». Alabak xalo-xalo: «Zure eguna ez bazaizu gustatzen, nahi duzu nire egunarekin aldatzea?».

Alabak ere, ordea, izaten ditu egun txarrak. Bikiekin haserretu zen batean hala esan zidan: «nik ahizpak asko maite ditut, baina ondo pentsatuta nahiago nituen txakur bat eta katu bat. Haiek behintzat kanpoan utz daitezke». Ederra da umeen inozentzia eta naturaltasuna!

Gure alabek bi ama dituztenez, bada hausnarketarako bide: «Egunen batean ama izaten banaiz, nire umeek ez dute aitonarik izango? Orduan zeinek egingo dizkie kroketak?». Lotarako ordua izaten da gehienetan urrea eta irria balio duten ateraldien momentua, eta halaxe izan zen hortza erortzear zuenean ere: «nik hortza ez dut burukiaren azpian utziko. Nik balkoian utziko dut. Perez sagutxoak opariak ekartzen ditu, baina sagu bat izaten jarraitzen du, eta nik ez dut nire ohean sagurik sartzerik nahi!».

Oheko pasadizoek zenbat ematen duten! Elkarren ohean goxo-goxo geunden batean, hala esan zidan: «amatxo, arrosak oso politak dira, baina arantzak dituzte, ezta? Bada, ez gaizki hartu, baina zu ere oso polita zara, baina zure hanketako ileek ere txista-txista egiten dute!».

Eta, azkenik, buka dezagun besarkada artean. Ez al zaizue inoiz gertatu umea lasaitu eta goxatu nahian ea besarkadarik nahi duen galdetzea? «Uste dut besarkada hori zuk nahi duzula, nik oraintxe behar dudana txokolatezko bizkotxo bat da». Goxatu eta gozatu. Zer gehiago eskatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.