Umetako eredua giltzarri

BERRIA.
Itsaso Navascues
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Heltzen joan ahala bakarkako jarduera fisikoa eta kiroletan (JFK) parte hartzea gizarte neoliberaleko bizi estiloaren eta makro diskurtsoen ondorio dela argudiatu daiteke. Besteak beste, gorputz-objetu edo gorputz-idealaren diskurtsoak nabarmentzen dira. Hauek gorputzaren edertasuna baloratzeko irizpideak ezartzen dituzte, gizon eta emakumeentzat ezberdinak direnak: gizonek giharren garapena, emakumeek berriz irudi tonifikatua eta argal mantentzea dute helburu. Gorputz-irudia produktu izaki, jardueraren aukeraketan ere eragin dezake. Irizpide hauek ez dira normalean zalantzan jartzen, gizarteak eraikitakoak direla ahaztuz, eta horien arabera epaitu ohi dugu gure gorputzaren edertasuna haurtzarotik hasita, gizartearen baloreak irensten goazen heinean. Gure gorputza buruaren azpian dagoen buztin zati moldagarri bat bezala ikusten dugu, gorputz-irudi ideal horietara iristeko aukera ezberdinak existitzen direlarik: jarduera fisikoa eta kirola, dieta, farmakoak eta ebakuntzak.

JFKri dagokionez, bizitza estilo sendentarioagoetarako joera nabarmena da. Bizitza sedentarioak dakartzan osasun arazoak direla eta, gure eguneroko jarduera fisikoa eta gastu kalorikoa neurtzen dituzten gailuak merkaturatu dituzte arrakasta handiz. Orain arte esandakoa kontutan hartuz, ez da harritzekoa fitness, crossfit, spinning, bezalako jardueren arrakasta kirol zentroetan. Hauek maila eta adin tarte ezberdineko gizon-emakumeei, era seguru batean gidaturiko eta intentsitate ertain-handiko bakarkako ariketa fisikoak dira, 60 minututan kaloria kopuru handia erretzen, izerdi tantak zein estresa askatzen laguntzen dutenak. Ordutegien eskaintza ere zabala da, gure agenda estuen tarteetan tokia lortzen dute-eta! Gainera, barneratuta ditugun diskurtsoen ondorioz, JFK egitean askorentzat garrantzitsuena erlojuak markatzen dituen pauso edo kaloria kopuruak gora egitea edo ispiluaren beste aldeko horren giharren bolumena handitzea da, eta horretarako aukera paregabea eskaintzen dute jarduerok. Horrelako jarduera aukeraketak gorputz idealaren diskurtsoak asetzeko beharraren ondorio ote? Mugitzeak berak sortzen duen gozamena jokoz kanpo geratzen da.

Eskoletako gida-lerroetan oinarrituz, JFK pertsonaren garapen holistikorako baliabidea da eta gorputz hezkuntza irakasgaiaren helburuetako bat haurrei bizitza estilo osasuntsuak barneratzen laguntzea da. Bestalde, bigarren hezkuntzatik aurrera ematen den kirol uztea ikusita, eskolatze aldian errendimenduaren diskurtsoetan erroturiko talde kirol tradizionalek duten indarra aproposa den eztabaidagai interesgarria litzake. Mugimendua bizitza osoan zehar norbanakoaren ongizate fisiko, emozional, sozial eta psikologikoa asetzeko baliabidea dela aintzakotzat hartuz, eskolan bakarkako zein taldeko JFK ezberdinak gure bizitzako etapa eta helburu ezberdinetarako (osasuna, errehabilitazioa, aisialdia, goi errendimendua) era gustagarri batean nola erabil ditzakegun ikastea sustatu beharko litzake. Ludikotasuna eta ongizatearen diskurtso alternatiboen baitan eredu inklusiboagoak eskolatik eraikiz, kiroldegietan indarrean dauden jardueren negozioak dantzan jarriko lirateke akaso. Horretarako ezinbestekoa deritzot eskolatze aldian haurrei haien interes eta ezaugarrietara egokitzen diren esperientzia motorrak eskaintzea, bakoitzari bere gozamena hornituko duen jarduera esploratzeko aukera emanez. Beharbada, era honetan JFKean murgiltzerako garaian ez dugu teknologia menpekotasunik izango, fokua, mugimenduak eskaintzen digun esperientzia «entzutean» jarriko dugu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.