andoni egana
Plazatik

Urratuak

2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Haur bihurri samarrak azkar harrapatzen du urratu aditzaren esanahia. Ukondoak, belaunburuak eta gainerakoak urratuta ibiltzen da haur bihurri samarra. Eta ikasten du urratua zauria baino arinxeagoko zerbait dela, baina arriskutsua, zaindu ezean gaiztotu eta zornetzeko joera izaten baitu. Urraketa gerora ikasiko du, eta substantiboak ez du izango aditzak zuen indarrik. Azaleko zerbait da urratua, baina sakonenean min hartzen dugunean ere, bihotzean, ariman, erraietan… urratu egiten zaizkigula esaten dugu. Aste honetan, pantaila handiari begira, behin baino gehiagotan urratu zaizkit niri barrueneko horiek.

To Say Goodbye filmean, Gerra Zibil garaian Santurtziko portutik Ingalaterrara abiatu ziren lau mila umeren historia kontatzen da. Gehienez hiru hilabeterako zihoazela sinetsita ontziratu zituzten. Bertan, Southampton inguruetan, kanpin-dendetan eduki zituzten hasierako hilabeteetan. Eta larogeitaka urteko gizonezko batek kontatzen du ogi zuria ematen zietela jateko eta nola ume askok ogi hori gorde egiten zuten Bilbora itzultzean gurasoei eta bertan geratutako anai-arrebei emateko. Ogia bezain bizkor gogortuko zen ume haien barrua, Bilbo erori, gerra galdu eta urte luzeetarako bertan geratu beharko zutela jabetzean. Nik urratu bat sentitu nuen haur haien borondate on eta xalotasunaren berri izatean.

Barrura begiratzeko leihoak ere badira… Zimikoa sentitu nuen Aguraingo emakume preso baten kontuak jakitean. Hogeita bat urte zeramatzan kartzelan. Ebakuntza larri bat egina zioten ordurako. Kaleratze data jarria zeukan… eta egun horretan bertan joango zitzaizkionmutil-laguna eta iloba bisitan. Deitu zioten esanez arratsaldez iritsiko zirela. «Eta goizez askatzen banaute, zer egin behar dut, orduetan aspertu zuen zain?». Orduan jabetu ziren kanpokoak presoak ez zuela inongo berririk. Parot doktrina ezarri zioten eta ez zioten ezer esan. Beste urratu bat sentitu nuen azalean, mutil-lagunaren eta ilobaren larruan jartzean. Nola azaltzen zaio, ze hitzekin, nora begira, maite duzun hari, ez goiz eta ez arratsalde, beste ehunka, beste milaka goiz, arratsalde eta gau, batik bat gau, eman beharko dituela kartzelan, norbaiten gutiziak eta justiziak errimatu egiten dutelako?

Chaika filmari begira, berriz, Euskal Herrian eta jaio nintzen garaian jaio izana zenbateko zortea den etorri zitzaidan burura. Izan nintekeen Siberiakoa edo kazakhstandarra. Eta emakumea. Eta prostituta. Eta, gainera, itsasontzi batean lan egin beharra izan. Hango kamaroteen ilunak, kamastroen zikin uherrak,bortxak eta vodkak eta zigarroen keak egiazko itolarria sentiarazi zidaten. Ez zegoen han egoterik, eta handik alde egiterik ere ez. Ezagutzen ditudan itsasoetan, ortzimugarik ere ez zuen bakarra zen hura. Beste urratu bat…

Eskubideen urraketa deitzen zaie orain horrelako kasuei. Ez dut atsegin esamolde orokorra. Urratuak banan banakoak dira. Izan dezakete elkarren antza, baina urratu bakoitzak ematen du min, eta sendatzera edo gaiztotzera jotzen du espero ez dugunean.

Urratu-rekin ikasi genuen lehen abestiak, bestalde, badu egungo egoerarekin eta iraileko azken igande honekin zerikusia. Alpargatak urratuta, zapatarik ez geratu zen hura bere txarrean Hernion zebilen, eta etxeratzean bestelako oinetakorik izango zuela pentsatzekoa da. Orain, alpargatak urratuta zapatarik gabe asko dabil… Ez dira akaso arestian kontaturiko kasuak bezain deigarriak, baina zortziehun euroren truke lanean ari denak edo gauetik goizera lantokia itxirik aurkitu zuenak edo zahar etxean egonda botikaren batzuk ordaintzen hasi behar duenak arimaren azken zokoa bera sentitu du urratua. Eta horregatik irten ziren kalera joan zen asteazkenean, eztarria urratzea hobe delako alpargatak urratu eta zapatarik eza baino. Agintariek, berriz, ez zuten amarik edo amaren esanei ere entzungor egiten zieten. Urratuak zaindu egin behar dira, gaiztotuenean oso arriskutsuak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.