Edozein egun da egokia dibagatzeko, baina urteko azkena izateak bereziki markatzen du gaurkoa. Adam Zagajewskiren Urte Zahar poemako pertsonaia —zu, ni...— etxean dago Billy Holidayren kanta malenkoniatsuak entzuten, gaua iritsi bitarteko orduak arintzen. Esaten ez bazaigu ere, pentsa liteke hausnarrean ari dela urtean zehar galdutakoaz, gordetakoaz, ikasitakoaz. Kolpean, giro intimoa urratu eta existentziari buruzko itaun batek ixten du poema: «zergatik hildakoek kantatzen segitzen dute lasai eta biziek ezin dute beldurra gainetik kendu?». Amaierari dioguna da bizion beldurra. Heriotzari.
Urteko hamabi hilabeteak irentsi ditugun bezala irentsiko ditugu mahats-aleak: arrapaladan, zaporeari erreparatu gabe. Ordurako, behe-lainoa hedatzen hasia izango da urte zaharraren hiri abandonatuan, doi-doi ezagutuko ditugu hilerriaren edo museoren baten islak. Billy Holiday entzuten segitzeko esperantzarekin mamurtuko dugu azken alea...

HITZ BESTE
Urte Zahar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu