ELE

Ustela

Amaiur Epher
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Feijoo-ren kontrako esloganek egin dizute ongietorria. Galiziara sartu orduko, lehen hondartzara zaramatzan autobide irteerako pareta batean, PP eta ustelkeria hitzak loturik aurkitu dituzu, letra larri urdinez tindatuak. Nehor ez omen da profeta bere lurretan, pentsatu duzu pozik.

Ustela. Musikaz blai diskoa irekitzen duen Itoizen kantua etorri zaizu gogora. Nor ote da Juan Carlos Perezen «lagun xelebreena»? Zure gurasoen belaunaldiko talde mitikoen hitzak ttipidanik gogoz badakizkizu, baina, ez diezu sekulan zentzurik aurkitu, eta egiari zor, bilatu ere ez. Gehienez, lehen mailako ulermenarekin geratu zara. Zer ote da «mailu urdina»? Zergatik urdina behar du justiziaren marteiluak? Korruptoen armarria alta, ez al da kolore horretako hariz josia?

Urte batzuk lehenago abiatu zenuen inkesta. Erreferentziazko euskal hiztegi eta corpusak arakatu ondoan, ikerketa eremua zabaldu zenuen. Auzoko hizkuntzetan ezer ez. Ross MacDonald estatubatuarraren The Blue Hammer nobela beltzean ere ez zenuen erantzunik atzeman. Hasteko, ez duzu den mendreneko garaipenaren oroitzapenik. Abdikatu duzu. Zer metafora klase da hau?

Oraindik Asturiasen zinela, irratian, sexologian aditua omen zen kronikariak viagra zuen partida. Ez duzu uste Mutrikuarrena erekzio arazoen erremedioaren ereserkia denik. Hipotesi berri hau anakronismoan galtzen da gainera; pilula urdinak hogeita bost urte besterik ez baititu bete aurten.

Katedralen hondartzako uretan sartu zara. A praia de Augas Santas. Alkoleatik ehunka kilometrora, betiere Kantauri bazterrean. Itsasoak taupadaka jotzen du harea, uhin bortitzez, justiziaren esku eta bihotz nobleen ordezkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.