Vicent Partal.
Enbaxada bila

Valentziarra naiz, alegia, nafarra

2013ko uztailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez nau batere lekuz kanpo harrapatu ikurrinak Sanferminetan eragindako polemikak. Valentziarra naiz; beraz, nafarra. Ezin hobeto ulertzen dut Nafarroan gertatzen ari den guztia, Valentziako herrialdean gertatzen ari denaren kalkoa baita. Ez zehatz-mehatza, gutxi gorabeherakoa baizik. Hemen eta han, herrialdea eraisten ahalegintzen ari dira, zati funtsezko eta oinarrizko bat erauzita. Eta nola edo hala egiten dute.

Trantsizio politiko garaian, esate baterako, ezin sinesterainoko maila hartu zuen nazionalismoaren kontrako indarkeriak. Gogoan dut, esate baterako, bi bonba jarri zizkiotela Joan Fusterri, Valentzian inoiz izan den idazlerik behinenari, hura hiltzeko asmoz jarri ere. Odol hotzean jokatu zuelako libratu zen, baina Poliziak ez zuen sekula santan inolako ikerketarik egin atentatua nortzuek egin zuten argitzeko. Beste hainbat erail egin zituzten. Miquel Grau Alacanten hil zuten, 1977an, trantsizioa hasi berritan, eta Guillem Agullo, 1993an, trantsizio amaitu berritan. Nazionalista izateagatik, eta inolako zigorrik jaso gabe. Halako zigorgabetasunez, non gerora eraileak muturrekoen hautagai gisa aurkeztu ahal izan baitzuen bere burua.

Valentziarren katalantasuna amaitzeko obsesio hori Nafarroaren sustrai euskalduna amaitzeko obsesioarekin bakarrik alderatu daiteke. Azkeneko ergelkeria, berriz, Valentziako PPrena izan da, instituzio adierazpen bat egiteko proposatu baitu, ziurtatzeko valentziarrok ez garela katalanez mintzo, iberieraz baizik. Ez da txantxa. Iberieraz mintzo omen naiz. Iberiarren iberieraz. Eta haren alde egiten dute, guztien kontra. Ergelkeriak ez du inolako azalpenik, ez baldin bada garenaren edozein arrasto ezabatzeko obsesio gaizbera. Sanferminetan ikurrinarekin gertatu bezala.

Keinu neurrigabeak dira, errealitatearekin bat ez datozenak, eta, edonola ere, kontu bat aditzera ematen dute: sekulako beldurra digutela nafarroi, alegia, valentziarroi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.