Itzali gabeko mikrofono bat egiaren makina sofistikatuarena baino askoz eraginkorragoa izan daiteke. Txekiako lehen ministroari gertatu zaio: «Jode, Mandela hil dela, hi! Joan hadi orain auskalo puntaraino!». Rajoyri gertatu zitzaion Hispanitateko desfilearen kulpaz: behin esango egia, ¡qué coñazo!, eta bertan jendea haserretu! Ausardia gehiago erakutsi zuen Fabraren alabak que se jodan! esan zuenean langabetuengatik, mikrofono piztuen aurrean eta oihuka.
Arrisku handiko bertutea da sintzeritatea, urkamendia jende publikoarentzat, eta horregatik, politikari eta kargu zuhurrenek, mikrofonoak itzaltzeaz gainera, esku-ahurra ahoraino eramaten ikasi dute.
Halako eszena bat ikusten dudan aldiro, amaginarrebarengatik galdezka ari direla pasatzen zait burutik. Edo gu babesten beren halitositik. Gu nola izorratu makinatzen ari direla ez beste guztia.
Nire xalotasuna hain larria den galdetu behar diot psikoanalistari.

Hitz beste
Xalo-xalo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu