Gure adinekoen edo zaharragoen artean bada mito bat sekula irentsi ahal izan ez dudana. Euskara erraza eta ulergarria egin behar omen da, edonork eta bat-batean ulertzeko modukoa. Idazterakoan ere, zenbat eta gehiago hurbildu ahozkora eta ulergarritasunera, orduan eta hobeto.
Hizkuntzaren zoko-moko berezkoek eta askotan eta askok hizkuntza jasoegia tokiz kanpora egin nahi izanak ez lukete ordea aterpe izan behar egia borobila saihesteko: egun, euskara bada gai edozein gairi buruz aritzeko. Geu gara gai ez garenak (ulertzekoa bestalde) edozein gairi buruzko zerbait ulertzeko. Alegia, kinto-bilera baten berria euskara ulergaitzean emanda ere edonork ulertuko lukeela eta fisika kuantikoa euskararik samurrenean eskaini arren ez genukeela ia inork ulertuko.
Hogeita bost urte dira euskara batuaren aita-pontekotzat duguna, Koldo Mitxelena, zendu zenetik. Euskara, euskararen ezagutza eta batik bat erabilera hain ongi ez doazela begi bistakoa bada ere, euskararen baitako kontuak, hizkuntzari berari soilik dagozkionak, ongi doazela esatera ausartuko nintzateke. Telebistan edo pantaila handian goza daiteke komediarik euskaraz belarrietako kirrinkarik sumatu gabe; entzun genezake rock-talde bateko neska gazteek euren artean egiten duten euskara berezia eta etxekotzat hartu; edo Baztan inguruan duela zenbait mende eta gaur egun egiten diren euskarak ere entzun genitzake eta naturalak iritzi. Guztiak aldi berean eta geurea den plaza honetan.
Eta jendeak bere kabuz aniztasunera eta konplikaziora jotzen badu, barruak hala eskatzen diolako eta mundua ahal bezain zintzoen islatzeko modua delako, ez gaitezen eror dena xinple eta berdin eskaintzea hobea den uste okerrean. Koldo Mitxelena bera, beste hainbat ezaugarriren artean, «konplikau» zela esango nuke, Juan Junda Ander Lipusen pertsonaje markinarrak botako lukeen legez. Urteetan aurrera zihoala izan nuen irakasle, eta hizkuntza kontu baten azalpenak ematen hasi eta gerra garaian mendi muino bati nola erasotzen zioten kontatuz amaitzen zuen, ideia batek bestea katean, isoglosak zurrunbilo eta zigarro-ordea ezpainetan dilindan. Idazterakoan ere, xehe azaldu nahi izaten zituen ideiak, eta bere ideiek esaldikera soila baino gehiago eskatzen zioten, hemen menpeko esaldia, han parentesia, eta bestean puntua eta koma.
Orain xehetasunaren ordez mehetasuna hobesten da. Mezuak mehea behar du iritsiko bada. Aste honetan bertan Elixabete Perez Gazteluk idatzia da egungo ikasleei galdera egin eta Koldo Mitxelena dela kulturune bat, liburutegi bat, kale bat, sariketa bat… apenas gehiago gehiengoarentzat. Osotasunaren ordez zati bat izendatzea figura literarioa dela ikasi genuen eta hainbestean… Okerrena da, mehetu beharraren mehetu beharrez, Koldo Mitxelena kulturunea ere ez dela Koldo Mitxelena, KM baizik, tamalez, askorentzat, CR7rekin aldera daitekeena.
Rodriguez Zapaterori ZP deitzen hasi zenak bazekien zerbait egungo joera politikoei buruz. Hauteskunde kanpainan are nabarmenagoa da xehetu ordez mehetu beharra. Alderdi nagusien leloei begiratu baino ez dago: «Aurrera!», «Gu gure bidean», «Irtenbidea gure esku»… Edozein izan daiteke edozeinena. Marka txuriak daude purian. Norbere ideia muturrekoenekin muturreko bat hartu baino hobe da nonbait erdigune hutsalaren bila joan urpeko arrainen ardorak itsututa. Eskertuko nituzkeen lelo ausartagoak, egiaz pentsatzen dutenetik hurbilagokoak, nahiz horrek konplikazioak sortu. Jeltzaleentzat, esaterako, lelo gisara ez nuke jakingo zein aukeratu. «Guk dakigu agintzen» edo «Guk agintzen dakigu» edo «Agintzen guk dakigu». Baina konplikazio gehitxo litzateke. Komak non bai eta non ez erabaki beharra hasteko. Etekin txikitxoa nonbait, hainbesteñabardura sotilegik lekarkeena.
Mehetu eta mehetzen segi, «Aurrera!»n geratu gara. Eta ez dut uste bidea ez irtenbidea hori denik. Nik, izan ere, gauza konplikatuak ditut maite. Euskararen gisakoak. Koldo Mitxelenaren traza dutenak.
Plazatik
Xinple
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu