Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Zeitgeist arrosa

2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Zeitgeist esaera alemaniarraren arabera, historiaren momentu bakoitzean badaude zenbait artelan bere garaiko espirituarekin konektatzen dutenak. Uda honetan gertatu den fenomeno batek zeitgeist-ari buruz pentsarazi dit: datu ofizialen arabera, duela hamar urte ez zela hainbeste jende zinemara joaten pelikula bat ikustera. Migrazio-mugimendu hau (etxeetatik, piszinetatik, hondartzetatik... zinema-aretoetara) sortu duen gertakaria Barbenhaimer izeneko film-konbinazio arraroa izan da. Zinema tradizionala krisi batean murgilduta dagoen bitartean (etxean ikus daitezkeen streaming zerbitzuen alde), badirudi Barbie etorri dela uda salbatzera, bere neba txiki Oppenheimer-ekin batera.

Batzuek pentsatuko dute arrakasta hau marketin gogor baten ondorioa dela. Kasua konplexua da. Urtero, Disney eta Amazon eta Universal bezalako talde handiek milioiak gastatzen dituzte haien estreinaldien publizitatean, baina inork ez du, hamar urtetan, hainbeste lortu. Zein ote da elementu bereizlea? Alde batetik, superprodukzioaren atzean artista bat dagoela, Greta Gerwig zuzendari eta gidoilari estatubatuarra, Barbie marka popularra erabili duena interesatzen zaizkion gaiak jorratzeko: feminismoa, maskulinitate berriak, amatasuna, hiltzeari beldurra eta gizon-emakumeen arteko harremanak. Barbie produktu prefabrikatu bat da eta, aldi berean, film d'auteur.

Errematea izan da itxuraz kontrakoa zirudien pelikula bat estreinatu dela Barbie-ren asteburu berean: Christopher Nolanen Oppenheimer, bonba atomikoaren sortzaileari buruzko biopic iluna eta maskulinoa. Gizarteak sentitu du zinemara joatea ekintza politiko bat izan dela. Barbie txorrada oportunista eta kapitalista bat al da ala testu feminista sakona? Oppenheimer-ek gizarte ustelduaren erretratu trebea egiten du ala asperdura handiuste eta misogino xamarra al da? Hauteskundeetan bozkatzen dugunean bezala, Barbie ala Oppenheimer-en artean erabakitzen dugunean, definitzen ari gara zer-nolako pertsonak garen eta, batez ere, zer-nolako pertsonak izan nahi dugun. Bi filmak ikusteko aukera ere badago; nik hala egin nuen. Irabazlea? Zinema. Opa dezagun urtero antzeko fenomeno bat gertatzea, aretoak betetzeko ilusioa berpiztu eta zeitgeist-a astintzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.