
Hitz beste
Zentzua
Abailduta nengoen, hondoa jota, eta bizitzak ez duela zentzurik, horixe esan nion lagunari. Lagunak arrazoia eman zidan. «Bizitzak, abstraktuan hartuta, ez dik inolako zentzurik». Isilik gelditu zen pixka batean, zerbaiten hausnarrean. Erraiak nik bezain erreak ote zituen pasatu zitzaidan burutik. Laster, ordea, kementsu hasi zitzaidan; su adeitsu batez. Esan zidan bizitzari buruzko jardun abstraktuek ezin zidatela bizitza konkretua lapurtu; eguneroko bizitzak, gure kabutakoak ez bezala, bihotz bat duela, eta adimena, eta besoak, eta mingaina. Nik nire bizitzan jartzen dudan kemena edo grina edo eskuzabaltasuna edo solidaritatea edo etsipena edo abaildura, horiek direla nire bizitza konkretuaren zentzua abiarazten duten erregaiak. Eusteko nire bizitza egunerokoari, eguneroko joan-etorrietan bilatuko diodala zentzua, inon bilatzekotan. Nire esku dagoela, nire esku dagoela, nire esku dagoela…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu