Urtearen agurrak balantzeak ekartzen ditu. Eta zifrak ematen. Urtean zehar, hainbeste istripu eta hainbeste hildako errepideetan. Lantegietan. Ezbehar domestikoetan. Balantzea egiten da genero indarkeriak hil dituen emakumeena ere. Iaz, hainbeste. Eta urtero baita aurten, kontadorea zeroan jartzen dugu. Urtero hasten gara kontatzen. Zerotik. Urtero ekiten diogu kontaketari, urtero berritzen dugu zerrenda.
Dagoeneko, hedabideek eman digute indarkeria sexistaren lehen biktimaren berri. Laster emango digute bigarren biktimarena. Hirugarrenarena… Orratza hasi da berriro lanean, zorrotz, kupidagabe. Ea aurten iaz baino gutxiago diren, ea iazko marka hausten den. Zenbatzen joango gara zenbat diren, hilketa bakoitzaren xehetasunak ezagutuko ditugu.
Eta urte bukaerara iritsitakoan, berriro zeroan jarriko dugu kontabilitatea. Hutsetik hasteko, beti hutsetik.
Baina kontagailua zeroan jarrita ere, errutina makabroak pausarik ez.

Hitz beste
Zerotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu