ZUZENDARIARI

1.100 euroko soldataz ba al dago moldatzerik?

Asier Ormazabal.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Zaila zaigu, oso zaila, K. Olabera enpresako langileoi... Urnietako enpresa honetan gehienok urte luzeak daramatzagu bertan lanean. Kimika industriako hitzarmen orokorra aplikatzen zaigu. Estatala. Eta bertan ezartzen diren soldata minimoak ez dira inondik inora duinak Euskal Herriko gizarte eta lan errealitatea kontutan hartuz gero.

K. Olaberako langileon artean ohikoak dira hileroko 1.100 eta 1.200 euroko soldatak, eta nekez molda gaitezke horiekin (etxearen alokairua, seme-alaben gastuak, bizitzaren garestitzea...). Hemen lan egiten dugu eta hemen erabaki beharko genituzke gure lan baldintzak. Horregatik gaude Kimikako Euskal Hitzarmenaren alde. Lan baldintza eta soldata duinagoak ahalbidetuko lizkigukeen hitzarmen baten alde.

Alta, bitartean, funtsezkoa deritzogu gure egoera samurtzeari, eta gure artean antolatu eta enpresako arduradunei itun duina negoziatzen hasteko borondatea azaldu diegu. K. Olaberako langile guztiontzako 200 euroko soldata osagarria da gure eskakizun nagusia, hori baita gure egunerokotasuneko egoera zaila arintzeko modua.

Ez gara egingarri ez den ezer eskatzen ari. Baina, orain artean, enpresako arduradunek entzungor diraute. Negoziazioa alferrik luzatu, gure artean bereizketa eta zatiketa sustatzen saiatu, eta ezezkoa izan da jaso dugun erantzun bakarra.

Egoera honen aurrean, borroka eta mobilizazioa beste aukerarik ez daukagu eta horri eutsiko diogu lan baldintza egokiak lortu arte. K. Olabera, hitzarmen duina orain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.