ZUZENDARIARI

33 urteren ondoren, Mikel Zabalza gogoan

Mikel Zabalza Gogoan herri ekinaldia.
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Badira 33 urte Altzako bizilaguna zen Mikel Zabalza orbaiztarra Guardia Zibilak atxilotu zuela. Handik 20 egunera Bidasoa ibaian hilik agertu zen. Bitartean, harekin atxilotutako Idoia Ayerbe neska-laguna, bi anaia eta lehengusu bat, eta Jon Arretxe oreretarra askatu zituzten inolako kargurik gabe. Bizirik irten ziren Intxaurrondotik, Mikel ez bezala, baina guztiok tortura ikaragarriak salatu zituzten. Gaur egun, Idoia larriki gaixorik dago orduko egoeraren ondorioz, eta Jon Arretxe duela gutxi zendu zen minbiziaz, han pairatu zuenaz 25 urtean ezin mintzaturik aitortu eta gero, eta oraindik Estatuak ez ditu biktima gisan aitortu eta operazio hura zuzendu zuen Galindo jenerala kondekoratua izan zen...

Mikelen senideak, berriz, eta haiekin batera herritar askok egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen dugu. Zer gertatu zen badakigu; hil arteraino torturatua izan zen, baineran gelditu zitzaien, ebakuntza egin berria eta fisikoki ahulduta zegoen...

Baina herriak torturatzaileek Mikelen erailketarekiko duten arduraren aitortza behar du, hortik etorriko dira egia, justizia eta erreparazioa haren senideentzat. Eta horretan ezer ez dugu aurreratu 33 urte hauetan. Euskal Herriko hainbat instituziok sortutako biktimen zerrendan sartu dute eta moralki lagungarria da, baina benetako egileek isilik jarraitzen dute, arduradun politikoek zigorrik gabe eta epaileek, kasua bi aldiz ireki eta itxi ondoren, inpunitatea babesten jarraitzen dute.

Donostiako Udalak biktima gisa onartu du, Mikel udal langilea baitzen. Itxura eman du, baina 2016ko apirilaren 7tik, Giza Eskubideen Batzordeak Mikel eta Idoiaren senideekin, Dbus-eko langileekin eta Herri Ekimenarekin bildu zenetik, ez ditu hartu zituen konpromisoak bete, eta are gehiago, ez ditu eskatutako harremanbide eta bilera eskaerak erantzun ere egin. Hitz potoloak bai, baina egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean kea besterik ez.

Orduan, Mikel Zabalzarentzat Batzorde berezi bat eskatu genuen, non besteak beste Idoia Aierberentzat babes eta laguntza ekonomiko, juridiko eta psikologikoa kontuan hartuko zen, udal-zerbitzu juridikoen baliabideak Mikelen senideekin harremanetan jarriko ziren, Altzan «Mikelen Txokoa» tortura oro har salatuko zuen gune bat sortzea aztertuko zuen...

Herriak, zuekin edo zuek gabe, Mikel Zabalzaren memoria sustatuko du eta haien senideei elkartasuna eta maitasuna eskainiko die, Mikel eta torturatu guztientzat egia, justizia eta erreparazioa lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.