Oiartzun

Abiadura Handiko Trenaren erasoak gure bailaran ez du etenik

Kepa Olaiz eta Joxe Iriarte 'Bikila'
2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Mundu guztia aztoratuta dabil klima aldaketarekin eta naturaren txikizioarekin. Gure agintariak salbu. Eusko Jaurlaritza itxura egiten maisu dugu (Espainiako Sustapen Ministerioarekin elkarlanean), baina AHTaren inguruko bere benetako plana azpiegitura erraldoi, txikitzaile eta diru xahutzaile hori aurrera eramatea da, kosta ahala kosta.

Oiartzungo Udalak, inguruko udalekin batera, urteak daramatza egitasmo horren aurka, eta horrela jokatu zuen kontrako alegazioak eginez 2020. urtean. Erantzuna orain etorri zaio udalari, eta badirudi alegazio guztiei muzin egin diotela eta aurrera jarraitu nahi dutela «Astigarragatik-Orereta-Oiartzun-Lezo, salgaientzako ibilbidea» proiektuarekin, non gaur egungo Renferekin Lanbarrenen gainean ateratzen diren bi adarrekin elkartzen den: bat Pasaiako portura doana eta bestea Irun aldera, Gaintxurizketa (Gaintxurizketan intermodala?) inguruan.

Proiektu honek salgaientzako bide berria eraikitzea du helburu, hamar kilometro eta 500 milioi euroko aurrekontuarekin. Alegia, bidaiarien AHTa Donostiatik Irunera eramatea eta salgaientzako AHTa ekiditea. Donostiarentzat, salgaien AHTa oso arriskutsua omen da, eta gu, Oarsoaldekoak salbu geundeke? Hau eromena! Salgaiak garraiatzeko soil-soilik txikizio berria gure eskualdean.

Aski da! Obra horiek izugarrizko eragina dute kliman. Gainera, gastu sozialetako behar den dirua (Eusko Jaurlaritzak berriro esan dio ezetz 1.080 euroko gutxieneko pentsioa betetzeko osagarriari) horretarako desbideratzen da, eta beste zenbait kalte eragingo dira (obretan ari diren bitartean zer-nolako atarramentua bailara osoan).

Horregatik guztiagatik, herritarrok mugitzen hasi beharko dugu egitasmo ero eta txikitzaile horri aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.