ZUZENDARIARI

Agur, lagun! Eta mila esker, Jon, bihotz-bihotzez

Xabier Ugarte.
Oñati.
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Maiatzaren 9an hil zen Jon Rekarte, Aus_art Records diskoetxeko burua, arima eta bihotza. Gaixotu eta oso egun gutxitara utzi gaitu Jonek.

Ez naiz ni trebea idazten eta gauzak behar den moduan esaten, eta horretara jartzea asko kostatzen zait, baina Jon nire lagun handiaren heriotzaren aurrean ezin nuen egon zeozer esan gabe.

Gogorapenak batzuetan borborka etortzen zaizkit, eta horrela hasi naiz kontu batzuk idazten, geroan ere gogoan izateko. Hogei urte baino gehiago izango dira Oñatiko Santa Ana aretoan ezagutu nuela. Grabazio bat egitera etorria zen. Baina orduantxe egon ginen elkarrekin euskal musikaren inguruko kontuak esaten, eta gogoan dut esan niola «Jo, Jon, ikaragarri gustatzen zait zuk egiten duzuna!»; eta komentatu nion Madinaren eta Agustinoen artxiboko kontuak, eta berak erantzun zidan: «Bada, zeozer daukazunean eta nahi duzunean grabatuko dugu. Eguna, ordua eta lekua aukeratu eta han bilduko gara, eta grabatu».

Hortik aurrera maiz elkartzen ginen, eta nik nire proiektuen berri ematen nion (denetarako baietz esaten zidan) eta berak bere lanak eta bere proiektuak erakusten zizkidan. Zer esanik ez dago asko ikasten nuela berarekin; euskal musika zuen ardatz, eta asko zekien. Madinaren lanekin hasi ginen, Arantzazu Poema sinfoniko-korala CDra pasatu zidan eta horrela berrargitaratu ahal izan genuen 1985ean egindako grabaketa Bartzelonako Orkestra Sinfonikoak, Oñati Abesbatzak eta Elgoibarko Parrokiko abesbatzak, Juan Karlos Irizarren zuzendaritzapean. Argitalpen berria egin genuen Aus_art Records-ekin. Makinatxo bat CD grabatu eta argitaratu zizkidan ondoren etorriko ziren pianorako lanak, organorakoak, harparakoak, abesbatzak, otxoteak, gitarrarakoak, eta abar. Berari asko gustatzen zitzaion grabazio zaharrak digitalizatzea (MP3 formatura pasatzea eta txukun garbitzea). Auskalo zenbat zinta zahar, cassette eta disko zahar garbitu zizkidan.

Gogoan dut duela 15 urte inguru Joxe Antonio Azpiazuk, Jonek eta neuk egindako bidaia Genevara, Suitzako Euskal-etxeak prestatutako Euskal Jaian parte hartzera. Joxe Antoniok Euskal Herriko historiaz hitzaldia emango zuen, Jonek Aus_art Records diskoetxeko musika aurkeztuko zuen, eta ni bien laguntzaile lanetan. Donostian hartu genuen autobusa, dantzari eta rock-musikarien artean. Lupe Azpiazuk eskuzabalik hartu gintuen, eta ederki pasatu genuen. Halako batean, han agertu zitzaigun gure Iparragirre handiaren biloba, txiletarra bera.

Aus_art_Records (the Basque classical label) diskoetxeko katalogoari begirada azkar bat ematen badiogu, zerrenda oso luzea da. Euskal musika klasikoaren eremuan paregabea. Orain, bere lan hori guztia non geldituko da? Ez al du merezi aitortza zabal bat? Nik neurea egin beharra sentitzen dut, eta horra nire esker ona. «Mila esker Jon, hain eskuzabal eta bihotz-zabal izateagatik nirekin!». Nire doluminak eta besarkada handiena Jonen etxeko Pati, Ionari eta Manexi.

Ez dakit Jon sinestuna zen ala ez, eta egia esan ez zait inporta ere. Baina badakit Jonek gure artistengan sinisten zuela: musikagileengan, idazleengan, poetengan eta abar. Mesanotxe gainean daukat iaz Jonek berak oparitu zidan Lizardiren Olerkiak liburua. Berak esaten zidan moduan, «poliki-poliki dastatzeko, gazta zahar bat dastatu behar den bezala, gutxinaka janez». «Ba, bai Jon, gutxinaka ari naiz irakurtzen, dastatzen, eta orain esku artean hartzen dudanean liburua zeurekin pentsatzen jartzen naiz. Gogora datorkit maiatzaren 1ean Donostian zeundenean ingresatuta, eta Malen eta biok ikustaldia egitera joan ginenean burua martxan jarri genuela berriro proiektuekin. Kontatu nizun Donosti Ereskirekin Oñatiko gregorianoaren inguruan zenbat material bildua genuen, eta horra zure ekarpena: «Oñatiko gregorianoaren mostra bat aukeratu eta grabatu, eta CDaren izenburua, In memoriam Iñaki Beristain. Beharbada beste bat ere landu beharko dugu: In memoriam Jon Rekarte izenburupean. Seguru musikari asko prest egongo direla horrelako zerbait burutzeko. Eskerrik asko bihotz-bihotzez, Jon, eta agur eta egun Handira arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.