Portugalete

Aho-handiak nonahi

Hibai Aiestaran
2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian gure inguruetan gizaki misteriotsu bat ugaldu da izurriteen antzera: aho-handia.

Lagun zahar hauek beita freskoa aurkitu dute Palestinaren aldeko azken aldarri eta mobilizazioekin.

Inoren alde, inoiz, atzamar bat ere mugitu ez dutenak, orain justizia soziala eta kausa justu guztien defendatzaile bihurtu dira egun batetik bestera.

Amorruz eta handikeriaz, eta kirats ultraeskuindar bat dariela, boza altxatzen dute palestinarren genozidioa salatzen dutenen kontra.

Arazo larriagoak omen ditugu hemen, hemengoek: etxebizitzaren prezioa, langabezia eta prekaritatea, pentsioak, politikarien ustelkeria… Haien ustetan, palestinarren alde egiten dugunok burburxa batean bizi gara.

Ez dira inoiz manifa batera joan, ez dute parte hartzen herri ekimen solidarioetan, ez dira inoiz jubilatuen elkarretaratzeetara joan, ez dute inoiz zalantzan jartzen komunikabideen bertsio ofiziala, ez dituzte grebak edo protestak inoiz babesten… 

Ikuslearen papera ondo ikasia dute betidanik. Halere, azken asteetan kobazulotik atera dira, eta ez munduaren argitasunaz bustitzeko, bere gar sakratuarekin beste guztien garunak argitzeko baizik.

Segur aski zuk ere topatu duzula baten bat azken egunotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.