Ezin hitz aproposak topatu: mirari humano eta zientifikoa da, bere bizitzaren azken egunetan zegoen ama gaztea izaki, birika transplante bikoitza onartu zuen Euskal Herriko bigarren pertsona izan eta, 21 urte ondoren, agurra maitekiro esatea. Are gehiago, ebakuntza mota hori munduan abiatu berria zelarik, bizirik irauten zuten gutxiek bi urte gainditzear zeudenean.
Tratamendu esperimental jarraituaren aurrean ahitu arteko haren ekarpenak kemen miresgarria erakutsi digu. Giza-lorpen horrek, bere familiari gozamena ekartzeaz gain, seme-alabak ikasketak bukatzen ikusten utzi zion, eta baita bilobak jaiotzen ere.
Hori guztia, honako hauei esker: ONTren koordinazio-zerbitzu bikaina, Valentziako La Fe eta Donostiako Ospitale unibertsitarioetako puntako lantaldeak, administrazioa, ikuskaritza, aireko eta lurreko garraio-zerbitzuak, farmazia, anbulatorioa, eta abar. Guztien artean errealitate bilakatu zuten bai diagnostikoa, bai bi urte luzez itxaronaldian bizirik irautea, programaren harrera eta aholkularitza egokia eskaintzea, errehabilitazio pre- eta post-operatorioa, lehen ebakuntza-saiakera zapuztua eta bigarren arrakastatsua, isolamendu-gelako eta zaintza bereziko lehen urte osoa, zalantzaz beteriko hiru urte eta, zailtasunen gainetik, esperantzak bete dituen beste 17 urte.
Horrexegatik, Maixus Sarasolaren senideok adierazi nahiko genuke benetan merezi izan duela pentsaezina zen marka horrek suposatu duen sakrifizioa. Egun, oraindik ere, klinikoki konplexua dena.
Oraingoan, publikoki, aipaturiko pertsona eredugarri eta instituzio guztiei berretsi nahi diegu gure eskertzarik handiena. Bihotz-bihotzetik.
Amaierarik gabeko esker ona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu