ZUZENDARIARI

Amorrurik gabe, biskoteetan foie grasa

Nerea Leturia Nabaroa.
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udazken bukaerako eguzki goxotan eta zeru urdinpean paseotxoa mundiala da. Pote eta pintxo bat eta etxera. Goiza egina. Halaxe izan zen abenduaren 14ko irakasleon manifestazioa Gasteizen. Bandera gutxi. Megafono gutxi. Buila gutxi. Molestia oso gutxi. Artalde petrala, artalde otzana. Haserre gaudenik ez luke inork esango. Espaloitik joatea falta zitzaigun. Trabarik ez. Dena oso zibiko. «Eta hemen, ezkerretara begiratzen baduzue, Legebiltzarra». Sarrerara bi ertzain azaldu ziren —badaezpada edo— eskuak gurutzaturik eta mahuka motzean —Gasteizko eguerdiko eguzkia ez da nolanahikoa!—. Asteazkena asteartearen pare. Dena oso zibiko.

Pasa egin ginen, pasa. Txintik ez. Herriko pintxopotean zalaparta handiagoa izaten da astero. Gure isiltasunaren gainetik Bildarratzen barre urruna entzuten zen. Kar-kar-kar imajinatzen nuen, katua magalean eta koñak kopa zabala eskuan. «Ai, Gotzone, esan ninan irakasleek medikuek baino buruko min gutxiago ematen zutela. Sinetsi, Iñigo eta biok maisuak gintunan eta». Living la vida loca. Jira eskuinera eta bukaera Andre Maria Zuriaren plazan. Hiru sindikatuetako kide banak eskatzen dugunaren dekalogoko puntuak irakurri eta kito. Plazan, guri eskolta ematen, bi udaltzain. Hori da ematen dugun beldurra: pare bat munizipal. Ezinegonik ez. Dena oso zibiko.

«Nerea, Legebiltzarrean asteazkenetan ez da Jokin egoten». Legebiltzarra sinboloa da eta hori denok ulertzen dugu. Legebiltzar parean planto, buila, negar, marru, imintzio, salto, iskanbila, paperak bota, bengalak erre legez kontra doa, ene!—: eskandalua! Benetan haserre al gaude? Haserrea barren-barrenetik dator: erraietatik gora eztarrira doan indar geldiezina da, ahora bat-batean iristen zaigun zurrunbilo bortitza, begietatik kanpora atera nahi duen negar malko uharra, sua buruan. Gizabidea zapuztearen kausa. Ira furor brevis est.

Amorru indibidualak ero bihurtzen gaitu jendaurrean. Gehiegizko behazun produkzioa, Galeno edo Hipokratesen arabera; gibela edo behazuna gaizki, seguru («¡Me pone del hígado!»). Sumindura kolektiboa denean, diagnosia bestelakoa izan ohi da: arrazoi sozial, politiko, ekonomiko, ideologikoak... partekatu ala ez. Baina larria izaten da burmuinak edo bihotzak edo birikek ez dakitenean, ez dutenean ulertzen, ez zaienean axola gibela gaixo dagoenik edo zergatik jarri den gaixorik. Gibela indarrean puzten joan dira pixkanaka eta jada ez dabil ongi. Gibela kanpora! Divide et impera. Baina foie grasa jateko, antzara osoa akabatu behar da.

Erotu gabe, baina tinko dabiltza Donostiako ospitalekoak. Beste liga bat. Argi esan zuen abenduaren 12an Iñigo Urkulluk Itxaropen Ekonomikoen Foroan, Osakidetza dela «koroaren harribitxi gorena». Eta zergatik? Bada, pandemiak ongi erakutsi digun moduan, osasunak denok berdintzen omen gaituelako. Ez Hezkuntzak. Hezkuntzak ez gaitu sekula berdinduko, osasunak berdinduko ez gaituen bezala. Horretarako borondate politikorik gabe, ahaztu. Herritar haserreturik gabe, jai dugu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.