Zuzendariari
Aniaiz Goñiko bigarren txandara!
-Manu Pirataaa! Manu Pirataaa! Aniaiz atxilotu dute!-Zer? Ani? Bigarren txandako begiralea? Txandara etortzeko desiratzen egoten den hori? Lehenengo egunetik martxan gelditu barik ibiltzen dena? Umeei suabe-suabe denetik jan behar dela azaltzen diena? Bi koilarakada gutxienez... Urtero-urtero, lehenengo urteko emozio beraz aupa aurten! oihukatzen duena?
Isilik geratu da, pentsakor, eta aurpegian oroitzeak eragiten dion irribarrearekin batera amorrua, tristura eta kezka igartzen zaizkio.
-Noiz etorri zen lehenengoz... a, bai! Ume moduan ezagutu nuen aurrena, eta bertan emandako udaldiak ezin ahaztuta, begirale etortzea erabaki zuen. Bai, bai 16 urterekin agertu zen bigarren txandara begirale. Eta ordutik ez du inoiz kale egin. Zelan egingo zuen ba, berak esaten duen moduan, hemen egia bihurtzen baita amesten dugun Euskal Herri euskalduna. Borondatez egindako elkarlanean, bakoitzak dakiena erakusten eta besteengandik ikasten. 15 egunez euskara hutsezko jardunean, denon artean prestatutako jolas, antzerki eta txangoez gozatzen... Horixe erakutsi digu urteetan, denok daukagula zer edo zer ekartzeko, txiki-txikia bada ere. Ondokoak prestatutakoa errespetatu egin behar dela eta, kritikak egiteaz gain, zorionak ematen ere ikasi bihar dugula. Denon artean eztabaidatu eta prestatzen direla txandak, urtean zeharreko lanak garrantzia handia daukala, gero udako egunak bete-betean gozatzeko...
Berriz isiltasuna, eta gogoratu Manu Pirata ez dela isilik geratzekoa. Kezkatuta dagoela dio, zenbat egun dira? Eta oraindik ez dakigu ezer? Zergatik? Ez daukagu erantzunik, geuk ere ez dakigu Zergatik ezin dugun jakin zelan dagoen gure laguna.
Berriz gogoratzen hasi da...
-Sabel dantza bibote eta guzti, umez jantzitako antzerkian bere kontura botatako barreak, zabor poltsa bat hartu eta ri-rau aborigenez jantzi zaigu, minutu batean kantuan eta zarataka jarri du jangela osoa... barre galantak bota izan ditugu berarekin. Eta lan ere gogoz, e? Alferkeria eta eskakeoa ez zaizkio batere gustatzen...
-...
-Eta norbanakoari ematen dion garrantzia? Denak eduki behar dira kontuan, ez bakarrik zarata ateratzen duten umeak, isilik dagoenak ere bere tokia eduki behar du eta guk horretarako lan egin behar dugu. Horixe esaten du eta hori lantzen ibili izan da bigarren txanda azken urteetan, umeen jarraipena ahalik eta onena izateko. Ez bakarrik umeak, hezitzaile guztiak hartu behar dira kontuan, eurekin berba egin eta zelan dauden jakin behar da... horretan tematuta dago. Horregatik zuetako askok jo izan duzue inoiz berarengana, beterano nahiz berri, batzuetan serioa ematen badu ere (eta behar denean jartzen da, e!), zorrotza bada ere, laguntzeko eta entzuteko prest egoten da, eta segituan emango dizue behar dituzuen besarkada eta mimoak.
Derrepente barrezka hasi da, urduri...
-Et,et,et! Baina...txandarako bueltatuko da, ezta? Bestela, akabo; aurten bai lanak zuek denok mendian ez galtzeko... bera da bigarren txandako Xerpa! Kar,kar,kar...umorea ezin da inoiz galdu...- esan eta segituan ilundu zaio aurpegia.
-Lasai, Ani; Ama Lur, Katutxoa, Cow Boy... eta ni neu hemen egongo gara, zure zain, zuganako maitasuna ez digute-eta lapurtuko. Eta trankil, geuk zainduko ditugu, zu bueltatzen zaren bitartean, bigarren txandako denak bana-banan, baina goxotasun handienaz, Naroa hartuko dugu gure kantu eta jolasen magalean.
Kezkatuta joan da, urteetan bere ozeano bihurtu duen Andia mendilerrora; berriz galdetu du: «Zer moduz egongo da?» Eta mendian gora bere lagunak agertu dira; Mari, Lamia, Basajaun eta Basandere, Katutxoa, Cow Boy... eta denek batera botatako oihua entzun da ozen:
«Osasuna, maitasuna eta askatasuna!»
Itsaso Arrizabalaga Zenarrutzabeitia. Goñiko udalekuko bigarren txandaren izenean.
Nafar independentista batzuei erantzuna
Abortuaren aurka nagoelako - hamaika bider idatzi dut hori- ni ez naiz PPkoa. Katolikoa naiz, antikomunismoa debekatu egingo nuke eta euskaltzale independentista naiz, nazionalista baino internazionalista, Vasconia-tik hasita.Zuek ez duzue nire obra idatzia irakurri, soilik zarete antikatolikoak, eta katoliko oro ikusten duzue PPren altzoan. Bada nik, katoliko independentista izategatik, badakit ez nautela maite katolikoen artean Donostian, Donostiako katolikoak batez ere, nik ezagutu izan ditudanak behintzat, espainolista antieuskaldunak direlako. Eta etsaiak ez ditut bakarrik hor; ni katoliko euskaltzalea naiz, eta nire obra osoa euskaraz dut egina eta argitaratua, akats eta defektu askorekin, baina euskaraz, eta demostratu egiten dut zergatik naizen fededuna. Baina hori alde batera lagata, katoliko egiten dudalako nire burua jada baditut etsaiak independentisten artean ere, independentistak antikatolikoak direlako, oro har, edo behintzat nik ezagutu ditudanak.
Beraz, ez daukat publikorik, ez daukat lagunik ez handik ezta hemendik ere. Hara nire patua filosofian ibiltzeagatik ahalik eta zintzoen.
Roman Garmendia. Donostia.