Donostia

Apirilaren 21a: hauteskundeak derrigor

Xabier Balerdi Ibarguren
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Duela gutxi jakinarazi zidaten hauteskunde-mahai batean 2. Mahaikidearen 1. Ordezkoarena egitea egokitu zitzaidala zozketa baten ondorioz.

Junta Electoral delakoari honako deklarazio hau igorri nion:

  1. Ez diot inori baimenik eman nire izena inongo zozketatan parte hartzeko sar dezan.

  2. Euskalduna naiz eta ez diot inolako zilegitasunik onartzen zapalkuntzatik eta zapalkuntzarako sortutako instituzio horiei, ez baitute inondik ere nire nazioa ez nire klasea ordezkatzen. Arrotzak eta burgesak dira.

  3. Hortaz, ez dut inolaz ere horrekin guztiarekin zerikusirik izango. Idatzi labur honen bidez neure burua intsumiso aldarrikatzen dut.

Zenbait egunetara nire «alegazioen» ukatzea jakinarazten zidan komunikazioa jaso nuen. Espainiera hutsean.

Berriz ere Junta Electoral delakoari idatzi labur bat igorri behar izan nion kontua argitze aldera.

  1. Ez nuen helegiterik tartekatu, egingo dudanaz (ez dut parte hartuko) oharpena bidali baizik, hots, dagozkidan eskubide zibil zein politikoen ariketa praktiko bat, zeina gizalegez egin bainuen, denboraz abisua emanez oztoporik ez eragiteko. Hau, jakina, behin egin dut, baina ez dut errepikatuko.
     
  2. Halaber, guztiz esanguratsua, ezen ez harrigarria, izan da jasotako erantzunean erabilitako hizkuntza: espainiera. Zeuen legedia ere betetzen ez duzuen berberek zatozkit inposaketa eta mehatxuen bidez neuk bete dezadan.
     
  3. Euskal herritarra izateagatik isuna ezarri nahi badidazue eta kartzelara sartu nahi banauzue, zer egin dezaket? Euskal herritar langileon eskubide zibil zein politikoen defentsan intsumisio ariketa honi eutsi, prefosta.

Izan ere, halaxe baita, jasotako komunikazioan honakoak irakur zitezkeen: Ley vigente, caracter obligatorio, multa de 6 a 24 meses, pena de prision de 3 meses a 1 año... Hobe lukete haien Hauteskunde Legearen 140. Artikulua aplikatuko balute haien joko zital-perbertso horretan parte hartu nahi ez dutenak/dugunok bakean utzita.

Sobera dakit noraino irits daitekeen jazarpena arrazoi ideologikoengatik, mehatxuak eta indarraren bidezko inposaketak derrigorreko atxikimendu eta jendarte otzan, esaneko, beldurtua, automugatua... sortzeko tresnak direla dakidan bezalaxe.

2024ko apirilaren 21ean badut zeregin hoberik.

Nolabaiteko kontzientzia duenak hausnartu dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.