ZUZENDARIARI

Aralarko normaltasun zaharra

Ibai Beloki eta Aitor Garmendia.
Zaldibia.
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aralarko Natur Parkean aurtengo udan gertatzen ari diren etengabeko arau hausteak direla eta, gure kexa azaldu nahi dugu berriz ere. Mendizale askoren partetik iristen ari zaizkigu arau hausteei dagozkien argazkiak, batez ere pistez kanpo egunero dabiltzan ibilgailuenak, eta baita pistetan ibiliagatik ere baimenik gabe dabilen jendearen ebidentziak. Familia osoak 4x4ak hartu eta mendira (Alotzaraino) autoz igotzen, ganaduzale ez-profesionalak nahi dutenean eta nahi duten tokietaraino beraien behor edo behiei begiratu bat bota edo ogi zaharrak eramaten... Garai hauetan hain modan dagoen «normaltasun berria» balitz bezala, badabiltza guztiona den babestutako mendi publiko batean, beraien rantxo pribatua balitz bezala gora eta behera.

Ezinezko bihurtu da Aralarren autorik ikusi gabe mendi buelta bat ematea. Zilegi da hori? Eskubide, onura eta interes orokorra honetan datza: natur guneen erabileran eta berauen kudeaketaren inguruko erabakietan herritar guztiok parte hartzeko dugun eskubidean. Oso urruti gaude hortik, eta berriz eskatzen dugu Aralarko Natur Parkearen zaintza behar den moduan egiten hastea.

Maskara ez erabiltzeagatik isunak ordaintzen ari garen honetan, nola liteke natur parke batean egiten den arau hauste bakar batengatik ere inork isunik ez jasotzea? Eta ez ordainaraztea?

Ibilgailuei dagokienez, arauak oso garbi jarrita daude. Ez da hori, ordea, arazo larri bakarra. Higadurak eta lehorraldiak mendia erabat gorritu dute; mendizaleentzat iturrietan urik ez egoteraino. Alotzako iturrian, esate baterako. Ganadu larriaren gainkarga izugarriak —gogoratu dezagun 1.000 buru inguruan dagoela muga eta ia 2.000 buru igo direla aurten— lurzoruaren higadura azkartzea areagotu du aurten. Uraska inguruetan batez ere. Eta irtenbidea ez da uraska gehiago egitea, planteatzen den moduan, ez... ganadu larriaren kopurua erdira jaitsi behar dela argi azaldu dute bai EHUk eginiko ikerketak eta baita larreen plan berriak ere. Beraz, izan gaitezen zintzoak, eta egia onartu dezagun.SOS Aralar!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.