Zuzenbidean graduatua

Arma nuklearrak: bakearen egia ala paradoxa?

Harri Bueno
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arma nuklearrek, suntsitzeko gaitasun ikaragarria duten gailuak izanik, fisio edo fusio nuklearretik eratorritako energia erabiltzen dute. Horiek lehertzean, lau energia mota igortzen dituzte: hedapen uhina, argi bizi eta distiratsua, bero intentsiboa eta erradiazio ionizatzailea. Horren ondorioz, arma horiek dira gizateriaren historian inoiz garatutako tresnarik beldurgarrienak, milaka kilometrora jaurtitzeko ahalmena eta hiri osoak minutu gutxitan suntsitzeko gaitasuna dutelako. 

Gaur egun, tentsio politikoen testuinguruan, arma nuklearren mehatxua inoiz baino biziago dago. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkak arma horiek erabiltzeko aukera mahai gainean jarri du berriro, eta horrek Mendebaldeko potentzien eta Errusiaren arteko beldurrezko oreka azpimarratzen du. Aldi berean, Ipar Koreak misil nuklear berrien probak egin ditu, eta Txinaren eta Estatu Batuen arteko tentsioak ere gora egin du. Eta berriki, India eta Pakistanen arteko gatazka piztu da.

Arma nuklearren hedapena Arma Nuklearren Ez Ugaritzeko Itunaren bidez mugatzen saiatzen da. Itun horretan, bost potentzia nuklear —Errusia, Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia— nazioarteko betebehar juridikoen pean daude, arma horiek zabaltzea ekiditeko, armagabetzea bultzatzeko eta energia nuklearraren erabilera baketsua sustatzeko. Hala eta guztiz ere, itunetik kanpo dauden herrialdeak —India, Pakistan, Ipar Korea eta Israel— arautegi horien mende ez egoteak nazioarteko oreka estrategikoa are gehiago hauspotzen du. 

Beldurrezko oreka da arma nuklearren inguruko eztabaidaren gune nagusietako bat. Teoria horren arabera, potentzia nuklearrek elkarrekiko suntsipen ziurraren mehatxua ezagutzeak gerra nuklearra saihesten du. Hala ere, oreka hori faltsua eta larria da: erabaki arduragabe batek edo akats teknologiko batek hondamendi global bat eragin lezake. 

Arma nuklearrek nazioarteko zuzenbide humanitarioaren oinarrizko printzipioei eraso egiten diete; izan ere, horien ondorioek zibilen aurkako suntsipen masiboa ia ezinbestean ekarriko lukete. Horren aurrean, ezinbestekoa da armagabetze nuklearra lehentasun politiko eta juridiko nagusi bilakatzea. Nazioarteko zuzenbidea indartu beharra dago, beldurrezko oreka ahalik eta azkarren benetako bake iraunkor bihur dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.