Goizaldeko lehen eguzki izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu ehundik gora partaide: «Hemen erronkak denonak dira! Aurrera, lagunak!».
Irakasleek eta Euskara taldeko ikasleek liburutegia eraikitzeari ekin diote. Une horretara arte traste zaharrez beterik egon den ikasgela hustu, prestatu eta margotzen hasi dira. Irakurketa kluba sortu duen andereñoak gogor dihardu, aurpegia margoz beterik duela, ikasle irakurzaleek izateko eta biltzeko babesgune literarioa izan dezaten. Ondorengo asteetan liburu bilketa egingo du ikastolako komunitateak, liburutegiko apalategi berriak hornitzeko esperantzaz. «Liburutegia da gorputza, euskal literatura bihotza», pentsatu du andereñoak, brotxari gogotsu eragiten dion bitartean.
Bizkitartean, kanpoaldeko paretan murala margotzen ari dira gurasoak: Hiri kiribili bil! dio datorren ikasturtean ikastolak ospatuko duen Ibilaldiaren leloak. Orduek aurrera egin ahala, baina, umeen lanari jolasa gailendu zaio: harrapaketan ari dira korridoreetan zehar, ezkutaketan hutsik dauden ikasgeletan. Txunditurik, harat-honat dabiltza txoko ezkutuen bila, olgetan, algaraka; noski, bada aukera probestu duenik irakasleen begiradatik kanpo gaiztakeriaren bat edo beste egiteko... Nolanahi ere, inoiz ez bezalako ikastola ezagutu dute, atsegina, dibertigarria, eurena izan litekeena.
Egunak argia galdu du, dagoeneko joanak dira guztiak. Alaba txikia eskutik heldu, atea itxi eta etxerako bidea hartu du ikastolako lehendakariak, leher eginda baina irribarre erraldoia aurpegian duela. Alabak kantatzeari ekin dio: «Bada Bilbon bertan, leku berezi bat, euskara beti ahoan, zoriona bihotzean»…