ZUZENDARIARI

Babesik gabeko haurrak Nafarroan

Oihane Calderon Callejas.
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Urteak dira Nafar Gobernuko Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzan lan egiten duten teknikariak arduradun politikariei aldarrikapenak eta mota ezberdinetako eskariak egiten ari direla, estrategiak planifikatzeko eta baliabide tekniko eta profesional handiagoak eta hobeak hornitzeko beharrarekin lotuak. Langileek argi utzi nahi dute aldarrikapen hau erantzukizunez eta etika profesionalez egiten dela, eta helburu nagusia gaur egun Nafarroako Babes Sisteman artatuta dauden haur eta nerabeek bizi duten egoera ezegonkorra agerian uztea dela.

Eskubide Sozialen Sailak salaketa hauen aurrean ez du orain arte erantzun eraginkorrik aktibatu babes-sistemaren profesionalak zaintzeko eta bizitzen ari garen kolapso-egoera konpontzeko.

Gabezia hauek guztiek haurtzaroak eta gaztaroak osatzen duten sektore zaurgarriena modu zuzenean kaltetzen dutela ulertzen dute. Eta babes publikoak ere jasotzen hasiak dira elkarlana haiekin egiten duten hainbat zerbitzutatik, Iruñeko Haur eta Nerabeentzako Arreta Taldetik (HNAT) eta Magale elkartetik (Nafarroako Harrera Familien Elkartea), kasu.

Babesgabetasun-egoera larrienetan dauden haurrekin lotutako baliabide eta zerbitzuetan atzerapenak izaten ari dira lehen arreta emateko, besteak beste, pairatzen duten gainkargagatik eta langileen formazio espezializatu faltagatik. Eta prozesuak denboran behar baino gehiago luzatzen dira (aldi baterako neurriak sei hil baino gehiago luza daitezke), kaltegarria izanik haur eta nerabeen garapenerako.

Lehen harrerako baliabideen benetako kolapsoa bizitzen ari gara. Duela hamabost hilabetetik harrera-zentroen gehiegizko okupazioa izaten ari da, eta larrialdiko familien eskasia ohikoa bilakatu da, egoera kronifikatzera iritsiz. Gogora ekarri behar da babesgabetasun egoeran dauden 6 urtetik beherako haurrek familia-testuinguru baten barnean egoteko eskubidea dutela, legeriak ezartzen duen bezala. Gaur egun, ordea, harrera zentroetan 6 urte baino gutxiago dituzten haurrak daude, baliabide faltagatik.

Beste alde batetik, ez dira familientzako arreta espazio egoki eta atseginak bermatzen, eta hauen pribatutasuna ere ez da ziurtatzen. Ezinbestekoa da haurrei, nerabeei eta familiei arreta emateko azpiegitura egokiak eskaintzea.

Egiturazko etengabeko krisi honi aurre egin ahal izateko, premiazkoa da langile kopuru handiagoa izatea, langileen egonkortasuna finkatzea, betetzen diren funtzioen arrisku psikosozial altua onartzea, langileen espezializazioa sustatzea, baja mediko nahiz eszedentzien ordezkapenak bermatzea eta ingurumen-baldintza duinetan lan egiteko baldintzak sortzea (ez orain bezala: korridoreetan eserita daude, argiztapen urriarekin eta kutsadura akustiko maila altuekin).

Teknikariek azpimarratu nahi dute haien lehentasuna Nafarroako haur eta nerabeen kalitatezko zerbitzu publiko on bat eskaintzea dela. Hori dela eta, behar eta eskubide hauen aldeko aldarrikapena egiten eta irtenbideak aurkitzeko borrokan jarraituko dutela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.