ZUZENDARIARI

Bagoaz

Igor Arana Azkona.
Leioa.
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Domekan, Goazen! telesailaren inguruan Miren Amurizak idatzitako lerro batzuk irakurri nituen, eta berak hasitako gogoetan sakondu nahiko nuke.

Begietara begira aitortu behar dizuet, Miren Amurizak ez bezala, nik Basakabiko ibilerak jarraitzen ditudala. Izan ere,aspaldi honetan gurean, Euskal Herriko hainbat eta hainbat etxetan gertatu izan den moduan (telesailak %15eko sharea gainditu duela uste dut), ostiraletako gaueko 21:00etan zaila zaigu jakitea «nork agintzen duen hemen».

Asmatuko zenuten bezala, ez da bereziki gogoa telebista piztera eramaten nauena, seme-alabak baizik. Guraso moduan, nire laztanak ikusten dutenaren berri eduki nahi dut. Bi seme-alaba ditut, 4-12 urte bitartekoak.

Adinarena aipatzen dut, aurrekoan Jabi Elortegi (Goazen-eko zuzendaria) entzun nuelako Euskadi Gaztean, eta, antza, telesailak tarte horretan duelako arrakasta handiena; nahiz eta 12tik 16ra ere nahiko jarraitzaile dituen. Horrekin batera, galdetzen diot gaur neure buruari: posible al da horren adin tarte zabalerako egokia den gidoia prestatzea? Agian.

Baliteke hurrengo denboraldian, 4.0-n, horrekin asmatzea. Dena dela, oraingoz, nire ustez, erakutsi dute arrakastak ez duela zertan egokitasunarekin bat etorri. Zeu, zeu, zeu Xabier, Alvaro,Pedro, (gidoilariak)... ez al zatozte nirekin bat?

Hala ere, onartu beharra dago produktuarekin bete-betean asmatu duela ETBk. Telesailean ematen den euskarazko abesti klasiko zein modernoen erabilera horrek bete-betean jo du gure gazterian, eta orain itsasoa gara. Pozteko moduko da. Euskararen Txantxangorriak lau haizeetara hegaka ikustea beti da pozgarri.

Azkenik, hemendik lasterrera, kate berean, Talent Show delako bat ikusteko aukera izango dugu: Bagoaz. 12 lehiakideGoazen-eko laugarren denboraldia grabatu ahal izateko leku baten bila.

Amets bat. Neure aldetik dagokionari pare bat aholku ematen ausartuko naiz: parte-hartzaileak zaindu! Antza, oraindik ez dago hauek etorkizunean jasan ditzaketen ondorioen berri. Eta aktore/izarberriak pertsona gisa formatzen lagundu, nahi eta nahi ez, gure seme alabeneredu izango baitira. Bitartean, telebistaren aurrean izango gaituzue. Katuek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.