LABeko arduraduna Nafarroako Administrazioan

Begi bistan jar ditzagun euskararen aurka daudenak ere

Isabel Artieda Urrestarazu
2025eko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaraldiari iritsi zaio azken eguna, maiatzaren 25a. LABek eta hura osatzen dugunok argi dugu zein izan den lehentasuna 11 egun hauetan: bularrean belarriprest edo ahobizi txapa jarri eta euskara ahalik eta gehien egin dadila bermatu. Izan ere, ekimen erraldoi honek denok ezagutzen dugun Joxean Artzeren poemaren izpirituari jarraitzen baitio, Hizkuntza bat ez da galtzen... hasi eta …dakitenek egiten ez dutelako baizik bukatzen dena.

Alabaina, euskararen bidea berez bada malkartsua, are gehiago da gure Nafarroa honetan. Bereziki, badaudelako bide zail horretan harri koxkorrak edo arrokak jarri, eta horrela igarobidea are zailago bihurtzeko konbentzimendua dutenak. Eta euskara plazara ateratzeaz gain, horiek guztien argitan jartzea ere ezinbestekoa da.

Hori izan dute helburu, hain justu, aste honetan egin diren bi elkarretaratzek: bata ostegun eguerdian izan zen, NUPen Iruñeko campuseko liburutegi aurrean Kontseiluak, LABek eta ELAk deituta. Hor UGT sindikatuaren jarduna salatu zen, Tuterako hiru postu betetzeko prozedurari errekurtsoa jarri baitzion deialdiak euskara baloratzen duelako. Bestea ostiral eguerdian izan zen, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrean. Euskararen Defentsarako Sareak deituta, PSNren gobernuaren jarrera salatu zuten, eta errepideetako seinaleak euskaraz ere jar ditzatela eskatu.

Beraz, gaurko egunera bitarte, LABek euskaldun eta euskaltzale guztiak animatu nahi ditu bai Euskaraldiaren barruan antolatzen diren ekimenetan parte hartzera, eta bai euskarari buruzko bestelako ekintzetan ere parte hartzera. Euskara bera mihi puntan eta begi bistan izatea garrantzitsua den bezala, ezinbestekoa baita haren aurkako gurutzada egiten dutenak ere bistatik ez galtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.