ZUZENDARIARI

Beharrezkoak

Elene Sagardia Rodriguez.
Irun
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ipuinak maite ditut. Txikitatik gustatu izan zait ipuinak irakurtzea, istorioak idaztea, edo gurasoek istorioak konta ziezazkidaten. Ipuina kanpoko mundua aztertzeko, azaltzeko eta ulertzeko tresna da, baita sentimenduak ezagutzeko eta gizartea kritikatzeko baliabidea ere. Errealitatearen eta ametsen arteko oreka lortzeko oinarria eskaintzen du, gaur egungo gizarteari aurre egiteko hain garrantzitsua den oreka hori. Horrez gain, gurasoekin lotura afektiboa eraikitzeko bidea dela esango nuke.

Haurtzaroa garai magikoa da, etaparik politena, eta atzera begiratzen dudan bakoitzean nostalgia puntu bat sentitzen dut. Ipuinek eta istorioek badute zerikusirik horretan, nire haurtzaroko zatirik garrantzitsuenetariko bat izan baitira. Hori dela eta, onartezina deritzot ipuin batzuk baztertu nahi izateari.

Ipuinak pertsonaren nahiak, esperantzak... biltzen ditu modu sinboliko batean. Era guztietako gaiak planteatzen dizkio ipuinak haurrari, hala nola maitasuna, laguntasuna, beldurra, bakardadea, gosea, pobrezia, bizitza aurrera atera behar izatea... baita horiei guztiei nola egin diezaiekeen aurre ere. Horregatik, harrituta utzi ninduen Bartzelonako eskola batean 200 ipuin baztertu izanak. Ipuin horiek sexistak eta matxistak zirelako baztertu zituzten, baita horietako askok funtzio moralizatzailea zutelako ere.

Hara non, txiki-txikitatik entzun ditut istorio horiek, eta ez dut inola ere uste balio sexista edo matxista horiek barneratu ditudanik. Justo kontrakoa esango nuke. Uste dut, estereotipo eta rol oker horien bidez, jokabide egokiak eta desegokiak bereizten ikasi dudala. Txikitan kontatzen dizkiguten ipuinak beste garai batzuetan gertatutako istorioak izan ohi dira. Hala ere, nola nahi dugu jokabide matxistarik ez agertzea, oraindik ere gizarte eredu matxista batean murgildurik bizi bagara?

Ez dut uste ipuinak baztertzeko beharra dagoenik. Egia da ipuin askotan emakumea bigarren plano batean geratzen dela, edo emakumearekin lotuta dauden gauza edo mezu askok emakumea baliogabetzen dutela. Alabaina, gehiegizkoa deritzot ipuin horiek baztertu edo debekatzeari.

Badira beste aukera batzuk, esaterako, estereotipo edo rol oker horiek aztertzea, baita eraldatzea ere. Aukera paregabea iruditzen zait haurrekin ipuin bat aztertzea eta horri buruzko gogoeta egitea. Horrela, gai izango baitira gaur egungo balio etikoak aplikatzeko eta jokabide zein ohitura sexista edo matxista zahar horiek haien bizitzatik kanpo mantentzeko. Aipatu dudan beste aukera, istorioak eraldatzea da.

Eredurik aipagarriena Maléfica pelikulan egindako aldaketa da. Maléfica, Loti Ederraren istorioan oinarrituta dagoen pelikula da. Denok dakigu Loti Ederraren istorioa. Lo geldituko da bizi osorako, printze batek benetako maitasun muxu bat eman ezean. Maléfica pelikulan, ordea, printzeak muxu ematen dio, baina Loti Ederra ez da esnatzen. Maléficak muxu ematean esnatzen da. Zer adierazi nahi digute horrekin? Egiazko maitasuna bikote batek elkar maite eta errespetatzen duenean gertatzen dela, eta ez printzeak musu bat ematen dionean inolako baimenik gabe eta aurretik ezagutu gabe.

Ondorioz, ipuinak baztertzea astakeria bat delakoan nago, nire haurtzaroko zatirik garrantzitsuenetariko bat izan baitira, eta esan dudan moduan, ez dugu zertan jokabide desegokirik barneratu. Esaterako, ni monarkiaren aurka nago, baina horrek ez du esan nahi printzesen eta printzeen ipuinak kontatzeari utziko diodanik. Ipuin asko antzinako gizartearen isla besterik ez dira, eta oraingo gizartea islatuko balute, ez dut uste askoz ere hobeak izango zirenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.