Apiril bukaeran belatz handi bat agertu zen zaurituta Oñatiko San Martin hariztiaren inguruan. Horrelako kasuetan ohiko denez, Igeldoko Arrano etxera eraman zuten, aztertu eta, ahal izanez gero, osatu eta ondoren askatzeko asmoz. Zoritxarrez laster hil zen, gorputzean perdigoi ugari baitzituen egun gutxi batzuk lehenago jasotako tiro baten ondorioz. Belatz handia espezie babestua da, eta itxura guztiz, intentzio osoz botatako tiroa izan da. Eskopeta bakarrik ehiza garaian erabil daiteke, udazken-negu partean, eta bakarrik espezie ehizagarriak botatzeko.
Oñatiko mendietan belatz handi bikote bakarren batzuek umatzen dute urtero-urtero. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean, bai Araba aldean, bai Gipuzkoan ikus edo entzun daitezke bikote batzuk, batez ere orain, umatze garaian. Dagoeneko belatz txitak jaio dira, eta gurasoak jo eta ke ari dira ehizan txitei jaten emateko. Eme hau hilda, haren bikotekidea ahaleginduko da txitak aurrera ateratzen. Oraindik garai hotza da, eta arrak ezingo ditu berotu txitak, ehizan aritu beharko baita.
Belatz handiak batez ere usoak, birigarroak eta txoritxoak ehizatzen ditu. Eta herri eta hirietan ere ikusten da. Ehiztari aparta izan arren, askotan huts egiten du. Txitei jaten emateaz gain, haiei ehizatzen erakutsi behar die. Ez du lan makala! Zaila izango da kumaldia aurrera ateratzea, eta litekeena da kume guztiak hiltzea.
Babestutako Espezie bat akabatzea delitua izan daiteke. 2014an Donostian belatz handi bat tirokatu zuen gizon bat zigortua izan da. Oñatiko kasuan ez da erraza izango tirogilea aurkitzea, nahiz eta basozain zein ertzainak saiatuko diren. Ikas dezagun zer dugun gure etxe inguruan eta berau errespetatzen!
ZUZENDARIARI
Belatz handia tirokatuta Oñatin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu